BERRIAK

J.Iñaki Etxezarreta zuzendari ohiari agurra

Batzar orokorrean eman genion agurra J.Iñaki Etxezarreta zuzendari ohiari. Azken zortzi urtean egindako lana eskertzeko, omenaldi bat egin genion Gazteluondo gunean. Bertan, lora sorta bat eta lankideen esker oneko hitzak jaso zituen Etxezarretak. Ikastolako profesional batzuek ere, aurreskua dantzatu zioten.

Hauek izan ziren lankideek eskainitako hitzak: 

Erloju biologikoak markatu du Arizmendi Ikastolako zure ibilbidearen amaiera. Zortzi ikasturte konturatu orduko joan zaizkigu eta, iritsi da, Iñaki, zuri zuzendari nagusi modura, agur esateko ordua. 

Agurrarekin batera gu guztion eskerrona eraman dezazun gurako genuke.

Guregana etorri zineneko “Proiektu berriari” helduta, aurretik eginda genuena balioan jarrita, berrikuntzaren bideari jarraitu zenion, pertsona eta gizarte eraldaketa eragiteko. Ametsa: gizarte justoagoa, solidarioagoa, euskaldunagoa eta kooperatiboagoa bilakatzea. Eta horretarako, ikastolon autogestioan, elkarlanean eta kooperazioan sinistuta, tinko heldu diozu lemari. Iparra inoiz galdu gabe, indarrez, koherentziaz eta ausardia handiz, bazterrak mugitu dituzu erabakitakoari jarraitzeko, gure ikastola, gure proiektua, beste batzuei ezagutarazi eta zabaltzeko eta bide berriak deskubritzeko. 

Ez da makala izan; ezta erraza ere. Baina ametsa betetzen ari dela esan dezakegu. Pozik eta harro egoteko moduan gaude, zaude! 

Bihotzez, eskerrik asko, Iñaki. 

Ibilbide berrirako osasuna lagun izan dezazula opa dizugu. Ametsak bete dakizkizula! 

Aurrera, aurrera beti!

Arizmendiko zure lankideak”

Eskerrik asko bihotzez, Iñaki. Onena opa dizugu aurrerantzeko bidean! Argazkiak.