BERRIAK

Iñaki Etxezarreta LOMCEren gaineko mahai-inguruan
LOMCEren gaineko hitzaldia

Arizmendi Ikastolako zuzendari J. Iñaki Etxezarreta Aretxabaletako Udalak antolatutako LOMCEren gaineko mahai-inguruan

Martitzenean, hilak 9, Aretxabaletako Udalak antolatuta, ARKUPE kultur etxean, mahai-ingurua egin zen LOMCEk zertan eragiten duen aztertzeko eta horren aurrean udalerriko ikastetxeek aurreikusten duten jokabidea adierazteko.

Iñigo Louvelli zinegotziaren moderaziopean, Marian Bilbatua HUHEZIko irakaslea, Mikel Uribarren Kurtzebarri LHko irakaslea, Angela Aguado Kurtzebarri BHko zuzendaria eta J. Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendaria aritu ziren.

Marian Bilbatuak LOMCEren azterketa egin zuen Kalitatearen ikuspegitik eta Lege onetsi berriaren alde atzerakoiak seinalatu zituen: ekitateari egiten dion erasoa, ikasle bereizketa eta horien arteko lehiarena, eta ebaluazio-froga desberdinen intentzio homogeneizatzailea, besteak beste.

Segidan, J. Iñaki Etxezarretak LOMCE aztertu zuen beste ikuspegi batetik. Hain zuzen, Espainiako eta Frantziako estatuek azken ehun eta berrogeita hamar urte luzeetan zehar izan duten izaera menperatzailea, ideologikoa eta pedagogikoa azpimarratu zuen. Horretarako, hainbat grafiko eta laburpen erabili zituen. Espainiako estatuak une honetan duen porrota frogatzeko, daturik esanguratsuenak eskaini zituen J. Iñakik. LOMCEk porrot horri aurre egin nahi diola zioen, eta parean jarri zituen Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako datuak, estaturik datu onenen adierazle. Eta horien artean, ikastolaren datu bikainak erakutsi zituen. Azkenean, Ikastola ereduaren ibilbide historikoari eutsi behar zitzaiola seinalatu zuen, hots, ikaslea interesen erdian jartzea, innobazioarekin jarraitzea eta hezkuntza euskaldun propioa eraikitzen segitzea.

Ondoren, Kurtzebarriko bi ordezkariak mintzatu ziren, LOMCEren aurrean intsumisioa praktikatu behar zela esanez Mikel Uribarrenak, eta datozen aldaketek benetan zertan eragingo duten ezin dela aurreikusi eta behin argi ikusi eta gero erantzun aproposak ematen saiatuko zirela adieraziz Angela Aguadok. Publikotasunean indarra jarri zuten eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Heziberri 2020 egitasmoaren aurrean beren kritika agertu zuten, LOMCEren jarraipen hutsa delakoan.

Bukatzeko, mahaikideen eta bertaratu zirenen arteko kontrastea egin zen.