BERRIAK

Ikasturtea hasteko proiektu berriak batxilergoan

Batxilergoan gogoz eta indarrak berriturik hasi dira ikasturtea. Etapa berrirako konfiantzazko harremanak lortzeko proiektu desberdinak landu dituzte, Harremanak ez ezik, ezinbestekoa da konfiantzazko espazioak ere sortzea.

Testuinguru honetan, J. Iñaki Etxezarreta Almenera hurbildu zen saio bat ematera. 1. mailan, harremanak, lan egiteko modua eta ikastola zer den azaltzeko. Kooperatiba izaeraren barruan ekintzailetza ere landu zen. Astebete hartzen duen proiektuak helburu konkretuak dauzka: Ikastola eta Kooperatiba izaera zertan datzan eta batxilergoan hainbatetan beharko dituzten ekintzailetasuna eta talde lanen dinamikak bertatik bertara praktikan jartzea.

Gaztelupen, aurtengoan, ikasleek hala eskatuta, fokua ingurunean jartzea erabaki dute. Azkeneko 4 egunetan klaseak eten dituzte eta espazio berriak “euren” egiteko erronkari aurre egin behar izan diete, ekintzailetasunean eta lan kooperatiboan oinarrituta: gelak margotu, pasillorako altzariak eta apaingarriak sortu, patinetean datozenentzat parkinga prestatu… Ikastola eta espazio berriak hobetzeko proposamen ugari egin dituzte, eta horietatik eratorritako batzordeak ere eratu dituzte. Ikasle finak eta proposamenez beteak ditugu aurtengoan ere! Argazkiak.