BERRIAK

Ikasturte hasierarekin, familiarizazioa

Konfiantzaren Pedagogian, familiarizazioa edo etxekotzea deitzen diogu egokitzapena edo adaptazioari. Ikaslea etapa batetik bestera, eraikin batetik bestera, gela batetik bestera edota ikastetxe batetik bestera aldatu daiteke eta askotan, beldurra, urduritasuna, ezjakintasuna… sentitu dezake. Baina ez dira ikasleak egokitu behar diren bakarrak; gurasoak, irakasleak eta gainerako ikaskideak ere murgiltzen gara prozesu honetan. Familiarizazio egoki baterako, ezinbestekoa da ikaslearen erritmoa errespetatzea, bere egoera emozionala behatu eta prozesu honetarako prestatutako ekintzen bidez, eta beharrezkoa den kasuetan, gurasoekin batera, laguntza ematea.

Familiarizazioa modu egokian egiten bada, ikasleak konfiantza hartuko du bere buruarengan, besteengan eta inguruarengan, eta ikasturtea lasai igaroko du.

Gure guneetan, eta bereziki, ikasle txikienak hartzen dituztenetan, familiarizazio prozesu betean gaude. Ondorengo irudietan, Uribarri eta Umezaintza guneko haurrak ikus ditzakegu ikasturte berrira egokitzen.