BERRIAK

Ikastolen Elkarteko KIMU proiektuaren aurkezpena

Astelehenean, Kimu proiektuaren ezaugarri nagusien aurkezpen-saioa izan zen. Ikaselkar Hezkuntza Argitaletxeak sortutako materiala da eta hiru proposamen didaktikotan egituratu da: erronka, euskara eta literatura eta matematika. Materialaren ekoizpenean lantalde desberdinak ibili dira lanean, eta Leire Arana, Arizmendi ikastolako irakaslea, izan da proiektu honi begirada matematikoa eman dion kideetariko bat. ZOOM plataforma bidez egin zen aurkezpena eta Leirekin batera Aritz Larreta, Amaia Artolazabal, Junkal Panadero, Lurdes Jauregi, Diana Lindsay eta Belen Baztarrika egon ziren.

Errealitate hurbileko egoeretan kokatzen du ikaskuntza eta ikasleen oinarrizko konpetentziak garatzea du helburu Kimu proiektuak. Aurkezpenean, proiektuaren abiapuntua eta helburua adierazteko, bi elementu erabili zituzten: betaurrekoak, haur bakoitzaren ezaugarriak gertutik ikusteko, eta periskopioa, etorkizunean hezten lagundu nahi dugun pertsona-eredua ikusteko.

Leire Aranank proiketu honetan egindako lanaren inguruan “Matematikaren atalaren garapenean nire alea jarri ahal izan dut, proiektua sortzen jardun duen taldearen kidea izan bainaiz. Esan dezaket urteotan defendatu dudan matematikaren ikuskera bikain jasotzen duela gure Kimu-matematikak” kontatu digu.

Gustura aritu da Ikastolen Elkarteko proiektu honetan lanean baina momentu gazi-goxoak ere bizi izan dituzte “Lana ez dela erraza izan. Taldekideok sor-minetan ibili garela esan ohi dut; horrek dakartzan gauza eder eta gogor guztiekin! Talde zabalago baten baitan bada ere, Aritz Larreta eta Ane Jauregiren izenak aipatu gabe ez nuke artikulu hau bukatzerik nahi, matematikaren garapenean hirurok ibili baikara pausuz pausu, jardueraz jarduera sortu eta sortu, lorpenak ospatzen eta momentu zailetan penak partekatzen. Milesker biei eta baita KIMU sortzeko elkarrekin lanean ari garen taldeko kide guztiei ere, bihotzez!”

Eta, hemendik aurrera zer? “Bada, KIMU sortzeko trenean bigarren geltokira bidean jada bagaudenez, segi dezagun gure poz, ilusio eta, baita ere minekin, hurrengo urratsak emanez” 

Kimu proiektuaren bideoa  eta katalogoa.