BERRIAK

Ikastolako talde bat FLLeko Espainiako kanporaketara
FLL_EAEko irabazleak

Larunbatean jokatu zen First Lego League Nazioarteko Txapelketaren lehenengo fasea, EAEko kanporaketa, hain zuzen ere. Arizmendi Ikastolako lau talde izan ziren bertan Arizmendi-Ikerlan-MU ordezkatuz, eta horietako bat hurrengo faserako sailkatu da. Hortaz, martxoan Tenerifen jokatuko den Espainia mailako kanporaketan izango da DBHko laugarren mailako talde bat. Gaztelupe guneko ikasleak dira eta teknologia dute hautazko ikasgaitzat. Honakook osatzen dute taldea: Andoni Atxa, Aitor Axpe, Odei Bouzon, Xabier Mujika, Joseba Ormaetxea, Peru Rozas, Markel Uribarren eta Gaizak Iturriotz.

Partaideek hainbat proiektu egin behar izaten dituzte lehiaketan zehar; besteak beste, robot bat diseinatu hainbat misio betetzeko eta proiektu zientifiko bat garatu. Lau taldeak ibili ziren larunbatean primeran, eta Mikel Egiguren irakaslearen esanetan denak izan ziren ordukoan txapeldun “gure gazteek oso lan ona egin dute, umore onez, jarrera bikainez eta adiskidetasun handiz lehiatu direlarik”. Arizmendi Ikastolarentzat garrantzitsua da sormena eta ekimena lantzeaz gain, ikustea nola moldatzen diren ikasleak taldean eta nola garatzen dituzten beste gaitasun batzuk.

Bosgarrenez lehiatu da aurten Arizmendi Ikastola, eta ordutik izan du saririk. 2010-11 ikasturtean, robot onenaren saria jaso zuen Arizmendi-Ikerlan taldeak EAEko kanporaketan, eta sari horrekin Espainiako txapelketarako sailkatu zen. 2012-13 ikasturtean, berriz, misioetako proban talde bat laugarren geratu zen, eta urte berean ekintzailetasunaren Saria jaso zuen batxilergoko taldeak. Argazki gehiago.