BERRIAK

Ikastolako abesbatza Tosca operan
Arizmendi Ikastolako abesbatza Errenteriako Topaketan

Arizmendi Ikastolako abesbatzak Tosca operan parte hartuko du datorren martxoaren 28an. Ozenki taldeak antolatuta, Amaia antzokian izango da opera hori eta bertan Rakel Murgiondoren abesbatzako hamar lagun taularatuko dira kantu bidez bi eszenatan.

Ozenki taldeak azken urteetan maila bikaineko operak ekarri izan ditu Arrasatera, eta oraingoan ere horrela egingo du. Beraz, hamar gazte horientzat aukera ezin hobea izango da martxoko emanaldi hori.

Rakel Murgiondo ikastolako musika irakasleak Arizmendi Ikastola sortu zenetik bideratzen du Gaztelupeko eta Almeneko eskolaz kanpoko ekintzen barnean abesbatza, nahiz eta aurretik ere beti egon den beste zuzendari batzuen gidaritzapean ikastolako abesbatza. Urte horietan guztietan han eta hemen eskaini dituzte makina bat emanaldi. Azkeneko urteetan, Gabonetan Errenteriako Abesbatzen Topaketetan parte hartu izan dute (aurten zilarrezko garaikurra ekarri dute) eta baita ikastolak antolatu ohi duen Eskolarteko Abesbatzen Topaketetan. Ikasturte honetan, bestalde, truke bat ere egingo dute 3. hiruhilabetekoan Tuterako Griseras Ikastetxearekin.

Aurretik ere izan da mugimendurik abesbatzan, izan ere, Alemaniako Trabern Trarbach ikastetxearekin trukea egin zuten orain urte batzuk, Bartzelonako Euskal Etxean ere izan ziren Goikobalu Gazte abesbatzarekin, Europa Cantat Jaialdian Torinon (Italian) etab.