
Ikasturte berria abiatzearekin batera, Ametsak betetzeko daudelako izenburua duen liburukia eta bideoa plazaratu ditu Arizmendik, etxe barruan ideiak lantzeko eta sakontzeko asmoz eta etxetik kanpo horiek zabaltzearren eta kontrastea egitearren. Ikasturte osoan zehar izango du zer jorratua.
Liburukiaren ataletako bat Gure ametsa da. Komunitatean eta gizartean, oro har, lortu nahi dena era errazean adierazteko ahalegina da. Izan ere, nor ausartzen da urte batzuetara amesten duena adieraztera? Arizmendik saiakera egin du, behintzat.
Honelaxe dio: Ametsek gorputza har dezaten, irudimenari hegan egiten utzi behar zaio. Guk ariketa hori egin nahi izan dugu eta ametsak irudikatzen ekin diogu. Eta horrela, apurka-apurka amets handi bati forma ematen hasi gara.
Gizartea eta norbanakoa, gaur egun, zertan diren horrelaxe labur deskribatzen da: Gero eta ziurtasun gutxiago eskaintzen digun mundu honetan, barne sendotasuna izango duten pertsonak lagundu nahiko genituzke ondorengo urteetan; gure gazteei, ikastolatik irteten direnean, bizi diren mundua nolanahikoa delarik ere, eragile aktibo izateko gogoa piztu diegula senti dezaten amesten dugu. Eta ikastolak egindako ibilbidean, ingurua eraldatzeko esperientzia txikiak edo ez hain txikiak bizitzeko aukera izan dutela konta dezaten amesten dugu.
Pertsona horien bereizgarriak eta ezaugarriak, nolakoak, ordea? Ba, ondorengo gaitasunokin, behintzat: Ederra litzateke egoerak sakontasunez eta kritikotasunez aztertzeko gaitasuna garatzen lagundu diegula entzutea. Izan ere, beraiek dira gure etorkizuna.
Arizmendik gaurdaino egin duen eraldaketa-bidea jarraitu beharra dagoela diote. Horretarako, egunerokoan harrapatzen gaituen gurpil zoro horretatik irten eta patxada eskuratzea nahi da, pertsonaren garapena bilatzen duen hezkuntza-proposamena erdigunean jarriz, metodologia aktiboak erabiliz, erronken bidez lan eginez, taldekatze mota askotarikoen bidez funtzionatuz, eta ebaluazioa eraldatuz.
Errealitatean jardun nahi da. Horrela, bizitzan topatzen diren egoerak ikastolara ekarriko dira eta ikastola bizitzara eramango da. Bizitzeko eta bizitzarako lekua den ikastola amesten du Arizmendik. Elkartzeko giroa duen ikastola, ikasleek eurena sentitzen duten topagunea, denboraren eta espazioaren beraren antolaketan malgutasuna eskaintzen duena, erabakiak hartzen ikasteko tokia, espazio komunitarioa, komunitateari proposamen eraldatzaileak egiten dizkiona, ikaslea modu aktiboan aritzera bultzatzen duena.
Bestea, hurkoa, ulertu nahi izatetik eta harekin konektatu nahi izatetik harremanak eraikitzen dituen ikastola, komunitatearekin kohesionatuta dagoena, hausnartzeko espazioak komunitateari eskaintzen dizkion ikastola. Lan hutsetik harago komunitateak baloratuko duen ikastola. Legetik harago doan ikastola, ikasteko inguru naturalak eskaintzen dituena. Ikasleek gustura hartuko duten ikastola, ikasle ohiek gogoz oroituko eta bisitatuko dutena.
Irakasleek euren bokazioarekin konektatuta bizi diren ikastola amesten da. Barne lanketa handia egiten dutenak eta euren hezitzaile izaeratik lan egiten dutenak. Ikasle bakoitzarengan begirada humanoagoa eta eraldatzaileagoa eragiteko gaitasuna eta konpromisoa duten hezitzaileak, arrastoa uzten dutenak.
Aldaketa asko dira, bai. Erabateko aldaketa. Horregatik diote eraldaketa dela. Eta horren aurrean, ausardiaz eta zentzuz eraldatzen duen hezkuntza-komunitate kohesionatua eta ilusionatua amesten dugu.
Hau guztia agertzeko, azkenik, betiere irudimena baliatuz, hemendik urte batzuetara ondorengo albiste edo antzeko batekin esnatzea amesten da:
Goiena hedabide-taldeak gaur, 2035eko martxoaren 25ean, bere albistegi guztiak ireki ditu ondoko titular honekin:
Leintz bailaran hasitako eraldaketa sozialak bere lehen emaitzak nabari ditu: orain dela 15 urte finkatu ziren adierazleek seinalatzen dutenez, esan dezakegu gure bailaran bizigiro humanoagoa, euskaldunagoa, solidarioagoa, kooperatiboagoa eta iraunkorragoa dela.
Berri pozgarria dokumentatzeko, kanpo-azterketa soziologikoetan aditu den enpresak egindako datu bilketaren emaitzak agertu ditu:
- Udaletan eta Mankomunitatean ordezkaritza duten alderdi politikoek aurrekontuak eta gai korapilatsuen % 75 adostu dituzte.
- Udalen eta herritarren arteko ekimenen lankidetzak nabarmen gora egin du.
- Leinztarren harremanetarako hizkuntza nagusia euskara da.
- Enpresen kudeaketak berrikuntzan eta ikaskuntza kooperatiboan lehiakortasun maila handitu du.
- Langabezia minimo historikoetan dago.
- Lan egutegiak eta ordutegiak biztanleen askotariko kontziliazioak ahalbidetzen dituzte.
Ederra litzateke benetan gure bailara humanoagoa, euskaldunagoa, solidarioagoa, kooperatiboagoa eta iraunkorragoa bilakatzeko ahalegin horretan Arizmendi Ikastolak bere aletxoa jarri duela sentitzea. Amesten den guztiak bere uzta ematen duen seinale litzateke. Ametsak betetzeko daudelako!
J.Iñaki Etxezarreta, zuzendari nagusia.
TALAIATIK IRITZIA: 2019-10-11 PUNTUA