BERRIAK

Ikasle nagusienen hasierarekin osatu dugu ikastolara itzultzea

Irailaren 1ean 2020-2021 ikasturteari hasiera eman genion ikaskuntzaren alde presentziala lehenesteko konbentzimenduz. Aste honetan, DBHko 3. eta 4. mailetakoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketako ikasleek ikasturte berria estreinatu dute. Egun, aste, hilabete asko igaro dira guneak bizitzaz beterik ikusteko. Lehenik eta behin, nabarmendu ikastolako ikasleek, profesionalek eta gurasoek hasierako egun hauetan izan duten erantzukizuna, lankidetza eta baita pazientzia ere. Horri esker, itzulera lasaia bizitzen ari gara. COVID-19ri dagokionez, gaur egungo egoera kontrolpean dagoela esan dezakegu. 

Hiru aste hauetan kasu positibo bakarra antzeman da, profesional batena. Kasua antzeman eta berehala, guneko arduraduna eta Covid-19 Ikastolako arduraduna Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuko (ESI-ko) profesionalarekin elkarlanean aritu dira. Kutsatzearen inguruabarrak zehaztu ondoren, kasu hauetarako Osakidetzak finkatuta duen funtzionamendu-protokoloa jarraitu da. Ikastola egoeraren jarraipen estua egiten ari da.

Ikastolan eta etxean apaltasunez eta lankidetzan jarraitu behar dugu. Elkarrenganako konfiantzaz eta gutariko bakoitzaren erantzukizun indibidualaren garrantziaz jabetuta, egin dezagun aurrera!