BERRIAK

Igandean Perretxiko Eguna, Arrasateko plazan
Perretxiko Eguna

Arizmendi Ikastolak 23.ez antolatuko du Perretxiko Eguna Arrasaten. Igandean, urriaren 25ean, izango da herriko plazan 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean. Horretarako urteroko perretxiko txapelketa jarri dute abian ikastolako antolatzaileek. Ekimen honen helburu nagusiak dira ikasleengan zaletasuna sustatzea eta Euskal Herriko ekosistema ezagutzea eta errespetatzea.

Taldean aurkeztu behar dira ahalik eta espezie gehien

Lehiaketan hamar eta hamabost urte bitarteko edozein ikasle-taldek har dezake parte, taldeari izen botanikoa emanez eta aurkezpena nahi duten moduan eginez: saskietan, kaxetan, platerean….. Antolatzaileek erakusketa behar bezala atontzeko mahaiak jarriko dituzte plazan. Parte-hartzaileek, gainera, kontuan izan beharko dute honako baldintza hauek: goroldioa eta gorostia ezingo dutela erabili apaingarritzat eta espezi bakoitzeko bizpahiru ale baino gehiago ezingo dutela jarri, besteak beste.

Sari-banaketa 14:00etan

Hiru sari banatuko dira, eta epaimahaiak kontuan hartuko du ahalik eta espezie gehien agertzea eta sortaren kalitatea. Epai lanetan Tomas Zubillaga perretxiko zalea eta aditua arituko da, eta sari-banaketa 14:00etan izango da.

Goiza girotzeko, Umezaintzakoen txokoa 

Eguna alaitzeko, ohi denez, hainbat artisau postu egongo da eta marrazki lehiaketan aurkeztu diren lanak ikusgai izango dira. Batxilergoko ikasleek ikasbidairako dirua jasotzeko perretxiko pintxoen txosna jarriko dute eta DBHko trikitilari talde baten doinuek alaituko dute goiza. Ikastolako txikienek ere parte-hartuko dute, izan ere, txoko baten hostoz, perretxikoz eta eskuz egindako lanak erakutsiko dituzte Umezaintzako haurrek.

Ikastolan nola bideratzen da Perretxiko Eguna?

Ikastolan, Arrasaten zein Eskoriatzan, DBHko lehenengo mailan Zientzia tailerra duten ikasleak gai honen inguruan aritu dira azken asteotan, eta ostiralean mendira aterako dira perretxikotan. Larunbatean senitartekoen laguntzarekin beste mendi buelta bat eginez igandean aurkeztuko duten otarra osatuko dute. Hogei-bat taldek hartuko dute parte, 100 ikasle inguruk.

Iazko argazkiak

Umezaintzako haurren gonbidapena