
Atzo osteguna, azaroak 29, Mondragon Korporazioak HUMANITY AT MUSIC “Sinfonia Kooperatiboa” proiektua aurkeztu zuen bere egoitza nagusian. Kooperatiba kantatzeko, dantzatzeko eta gozatzeko beste modu bat izan nahi du.
Azaroaren 29koa ez zen nolanahiko eguna izan kooperatiba mugimenduarentzat. Atzoko egunez, duela 42 urte, On Jose Maria Arizmendiarreta hil zen. Bere oroimenari egindako keinu bat izan zen atzokoa; are gehiago, bere espiritua berreskuratzeko deialdia ere bai. Azken finean, hau da HUMANITY AT MUSIC proiektuak duen helburua: kooperatibaren arima izatea, pertsona kooperatiboa izatea beste modu batean bizi eta kontatzea.
Goizean zehar egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten eta protagonisten bizipenak entzuteko aukera ere izan zuten bertaratutakoak. Arizmendi ikastolak ere izan zuen bere tartea. Pertsona kooperatiboaren garapen-bidean hezkuntzaren garrantzi ukaezinaren lekuko modura han izan zen gure ikastola. Ikastolako ume eta gazteak protagonistak izan dira proiektuaren lanketan eta protagonistak izango dira honen garapenean. Eta nola ez, 2019ko irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan HUMANITY AT MUSIC kontzertuan ere protagonistak izango dira.
Proiektu honetan ilusioa, lana eta talentua daude, profesional zein kolaboratzaile askoren lanaren emaitza izan baita. Eta lan honek besteak beste, gizartean emakumeak duen papera azpimarratu eta goraipatu gura izan du. Ez da kasualitatea liburuan parte hartu duten bost idazleak emakumeak izatea eta baita ilustratzailea ere.
Bertso eta errimak bertsolarien kontu izan dira. Bertso bidez islatu da kooperatibaren eragina iraganean, gaur egun eta etorkizunean. Eta euskaraz ez ezik, gazteleraz eta ingelesez ere sortu dira bertsook.
Sinfonien letra, proiektuaren gakoetariko bat, kooperatiba barru barrutik ezagutzen duen Jon Sarasuarena da. Musika eta doinuak, bestalde, Fernando Velázquez, 42 urteko konpositore getxotarrak sortu ditu. Velázquez proiektu eta pelikula askoren soinu-banden konpositorea da. Goya saria ere jaso du “Un monstruo viene a verme” pelikulagatik. Eta, nola ez, guztia interpretatzeko, goi mailako orkestra, bertakoa, gurea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Abesbatza ikusgarri baten laguntzaz kooperatibaren arima entzuteko aukera izango dugu hemendik aurrea. Gainera musika guztiak dagoeneko entzun eta jeitsi daitezke www.humanityatmusic.com webgunean. Argazkiak.
Profesional eta kolaboratzaileak:
Letra: Jon Sarasua.
Musika: Fernando Velázquez.
Orkestra: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Idalzeak:Leire Bilbao, Katixa Agirre, Irati Jimenez, Gloria Totorikaguena eta Pili Kaltzada.
Ilustratzailea: Maite Mutuberria.
Bertsolariak: Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Julio Soto, Jone Uria, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Xabier Igoa eta Maddalen Arzallus.
Jon Maya (dantzari eta koreografoa). Kukai dantza taldeko kide.
Josu Camara (Kukubiltxo): figurazioaren eta ikuskizunaren koordinatzailea.