
Hezkuntza Lege berriak euskara gehiago izan dezan eskatzeko, sinadura bilketa aurkeztu zuen Euskalgintzaren kontseiluak pasa den astean, hezkuntza komunitateko eragile nagusien ordezkaritza zabal batekin, tartean, Ikastolen Elkartea.
Izan ere, hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa. Euskararen normalizazio prozesua, berriz, ezinbesteko osagaia da milaka herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteaz gain, gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko. Laburbilduz, euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko.
Azken hamarkadotan urratsak egin dira euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da horien zutoin nagusietako bat. Baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa.
Sinadura bilketa hilabetez luzatuko da, irailaren 12tik urriaren 15era arte. 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute, bi modutara: presentzialki, sinatzeko jarriko diren mahaietan, zein www.euskaragehiago.eus webgunean. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du eskaria, izen-abizenak eta nortasun agiria adieraziz. Paperean sinatzeko mahaiak ikastetxeetan, hezkuntzarekin lotutako ekitaldietan, herri eta auzoetan, zein bestelako espazio publikoetan jarriko dira.
Laguntzeko prest dauden boluntario, irakasle, langile, guraso zein ikasleei sinadurak presentzialki jasotzeko mahaiak antolatzeko eta kanpaina egiteko gonbita luzatu die Kontseiluak. Baliabide eta material guztiak www.euskaragehiago.eus webgunean topatu ahal izango dituzte, eta ondoren sinadura guztiak Kontseiluari bideratzeko modua aktibatuko da.
Sinatzeko epea bukatzerakoan, urriaren 15etik aurrera, sinadura fisikoak eta digitalak bateratu, errepikatutakoak ezabatu eta zenbaketa egingo da. Sinadura kopuru totalaren berri emango zaie hedabideei, bai eta Eusko Legebiltzarreko kideei eta bertako talde politikoetako arduradunei ere.
Hemen BERRIAn argitaratutako albistea.