BERRIAK

“Herria Kantari” jaialdia ospatuko dugu bihar

Bihar, maiatzaren 21ean, “Herria Kantari” jaialdia ospatuko dugu. Goizeko 11:30ak eta 13:00ak bitartean, ikasleak Arrasateko erdigunetik kantuan ibiliko dira abesti herrikoi eta ezagunak kantatzen. Ekitaldi honek azken hogeita hamaika urteetan ospatu izan den Abesbatzen Topaketa ordezkatuko du. Azken Abesbatzen topaketaren edizioa 2019an izan zen, eta Amaia Antzokian egin zen, betiko formatuan. 

Ikastolako abesbatzakoak 2020.eko edizioa prestatzen hasi ziren, baina pandemiaren ondorioz, guztia bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten aspaldian zeukaten ideiari forma eman diote eta jaialdia kalera atera dute.

Partaideak Santa Teresako HHkoak, Arimazubiko LH 1.ziklokoak, Almeneko LH 2.ziklokoak eta Gaztelupeko DBH eta batxilergoko ikasleak izango dira. Aurreko edizioetan inguruko ikastetxeak gonbidatu izan ditugu Amaia Antzokira kantatzera, baina oraingoan, formatu berria izanik, gure Ikastolako ikasleekin bakarrik egitea pentsatu dute antolatzaileek. Balorazioa positiboa izaten bada, datozen ikasturteetan beste ikastetxeei ere gonbita luzatzea aurreikusten dute.

Eguraldiaren araberako bi ibilbide antolatu dira. Eguraldi ona egiten badu, Portaloian, Arbolapetan, Herriko plazan, Laubide plazan eta Biterin. Aldiz, euria egiten badu, Uarkapeko arkupean, Jokin Zaitegi plazan, Udaletxeko arkupean, Parrokiako arkupean eta Biteri plazan.