BERRIAK

Haizea Tornay: xake COVID-19ari

Haizea Tornay Belategi 16 urteko arrasatearra da. Larunbat honetan 17 urte beteko ditu eta bizitzak esperientzia polita oparitu dio: bizi dugun egoera kontuan hartuta eta harrigarria badirudi ere, Alemaniako Willingen hirian izan da urriaren 20tik 25era bitartean 18 urtetik beherako xake txapelketa jokatzen.

Aita katalana, ama arrasatearra eta bera Alemaniako Xake Federazioan izena emanda dagoen jokalaria; bitxia benetan.

 

Guzti honetaz hitz egiteko Haizearekin bildu gara Gaztelupeko gunean:

Nolatan joan da arrasatear gazte bat Alemaniako Xake Txapelketa jokatzera?
8 urte nituela, gurasoek Alemaniara bizitzera joatea erabaki zuten. Bost urte eman genituen han. Aitak xakerako zaletasuna sartu zidan eta Alemanian hasi nintzen nire lehen urratsak ematen. Horregatik nago izena emanda Alemaniako Xake Federazioan.

Zer egin behar izan duzu txapelketa hau jokatu ahal izateko?
Alemaniako eskualdeko kanporaketak apirilean jokatu behar ziren, baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren. Beraz, rankingean oinarrituta egin zuten aukeraketa eta ni izan nintzen aukeratuetako bat.

Zenbat jokalarik parte hartu duzue txapelketan?
Txapelketa, berez, mistoa da, baina partidak jokatzeko orduan bereiztu egiten da. Beraz, aurkari guztiak emakumezkoak izan dira. Guztira 30 bat jokalarik hartu dugu parte nire kategorian.

Zenbat partida jokatu dituzu txapelketa osoan?
Guztira 7 partida jokatu ditut, baina kontuan izan behar da partida bakoitzaren iraupena 4 bat ordukoa dela.

Pozik egindako lanarekin eta bizitako esperientziarekin?
Bai, oso esperientzia polita izan da. Azkenean 13. postuan geratu naiz, baina oso maila altuko txapelketa izan da, Alemaniako xake jokalari onenen aurka jokatu dut. Izan ere, sailkapenagatik eta aurrean izan ditudan aurkarien mailagatik txapelketaren aurretik nuen rankinga hobetzea lortu dut.

Eragina izan al du COVID-19ak txapelketan?
Bai, larunbatean iritsi nintzen Alemaniara eta egin nuen lehenengo gauza PCR proba egitea izan zen. Berrogeialdian egon nintzen emaitza jakin arte. Normala denez, txapelketan maskarekin jokatu behar izan dugu eta jokalarien arteko distantzia handiagoa izan da.

Publikorik egon al da partidak ikusten?
Ez. Familiak ere ezin izan zidan Alemaniara lagundu. Xake taulak digitalak ziren eta etxekoek partidak jarraitu ahal izan dituzte programa baten bidez. Nik taulan egiten nituen mugimenduak aplikazio baten bidez ikus zitzaketen.

Non jokatzen duzu normalean xakean?
Arrasateko Xake Klubean federatuta nago. Pandemiaren egoera dela eta, dena geldirik dago aspaldi. Egia esan, pribilegioa izan da txapelketa hau jokatzeko aukera izatea. Hala ere, ikasketak direla eta, gero eta denbora gutxiago daukat xakean jokatzeko. Baina ahal dudanean, inguruko txapelketetan parte hartzen dut.

Zein izan da lortu duzun txapelketarik ospetsuena?
2018an mailarik gabeko emakumezkoen Gipuzkoako Xake Txapelketa irabazi nuen, txapelketako irabazle gazteena bihurtuz.

Noraino iritsi nahiko zenuke xakearekin?
Zaletasun gisa mantendu nahi dut. Hortik aurrera ez, oso maila altua eta dedikazio handia izan behar da.

Baduzu beste zaletasunik?
Orain arte eskubaloian jokatu dut, baina aurten utzi egin dut. Ez dut astirik.

Oraingoz, Haizeak ikasketetan jarri nahi du arreta. Batxilergoan Zientzien arloak aukeratu ditu eta etorkizunean zer egin nahi duen oraindik argi ez duen arren, Osasun Zientziak gustuko dituela aitortu digu. Xakean nola jokatzen duen ikusita, ziur bere ametsak beteko dituela.