
Kaixo familia,
Azaroaren 18an hasiko da Euskaraldia eta ekimenean parte hartzeko izen-ematera animatu gura zaituztegu etxean bizi zareten 16 urtetik gorako guztiak.
Agian ezagutzen duzue Euskaraldia eta aurreko edizioetako batean izena emango zenuten. Hala bada, gogoratu, aurtengoan ere parte hartzeko asmoa izanez gero, https://izenematea.euskaraldia.eus/ helbidean adierazi behar duzuela.
Aldiz, sekula parte hartu ez baduzue, inoiz ez da berandu! Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzen joateko ekimen kolektiboa da. Alegia, inertziak astindu eta euskara ulertu edota hitz egiten dugun artean geroz eta gehiago erabiltzeko urratsak emateko.
Horretarako ez da behar euskara maila altua. Jarreran dago gakoa, eta horren arabera parte har dezakegu, bi modutara: Ahobizi roletik, ariketak iraungo dituen 15 egunetan euskaraz ahal beste hitz egiteko prest egonez. Edo Belarriprest roletik, egoeraren arabera erabakiz euskara noiz eta norekin hitz egin. Animatu eta eman izena zuek ere goiko loturaren bidez!
Bide batez, ohar pare bat guztiontzat:
- Txapa: Aurtengo Euskaraldian ere txapa bana eramango dugu ariketa egiten ari garela adierazteko. Txapa egunero eramatearen garrantzia azpimarratu gura dugu, indibidualki, ariketari eusteko indarra ematen digulako eta, kolektiboki, enpatiaz jokatzeko. Txapa doan banatuko dizuegu, Seber Altube plazara ematen duen Kulturateko atean, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
- Banderatxoak: Ekimenari ikusgarritasuna emateko, etxeko balkoi edo leihoetan Euskaraldiaren banderatxoa jartzera animatzen zaituztegu. AED, AEK, Goiena, Olgeta, Ereindajan eta Ttukun fotokopia dendan eskura ditzakezue, 5€tan. Erosketarekin, ekimenean parte hartuko duzuela adierazteaz gainera, Euskaraldia nazio mailan zabaltzen lagunduko duzue.
Animo eta agur bero bat Arrasateko Euskaraldiaren izenean!
Bide batez, jakin azaroaren 3an, Euskaraldiko kartelak itsasteko kalejira moduko bat egingo dela. Modu ludikoan egitea pentsatu dute antolatzaileek, ahalik eta jendetsuena, musikaz lagunduta… AEDn elkartuko gara, 18:30ean. Animatu eta parte hartu!