BERRIAK

Gaur ospatuko da Biteri plazan Ikastolaren Eguna
Ikastolaren Eguna

Azken urteotan bezala, Ikastolaren Eguna ostiral arratsaldez ospatuko du aurten ere Arizmendi Ikastolak, eta iazko lekuan izango da, Biteri plazan, hain zuzen. Hainbat ekintza, dena den, Zaldibarren eta portaloian izango dira.

Jaiaren hasiera, etxafleroekin, 17:30ean
Ospakizunaren irekiera 17:30ean izango da txalapartarekin eta ikastolako bertsolari gazteen agurrarekin. Ordu berean, hasiko dira martxan tailerrak, puzgarriak eta txosnak. Taula gainera igoko diren lehenak ikastolako kidez osatutako musika talde instrumentalekoak izango dira. 18:00etan, berriz, musika emanaldia izango da Monte taberna parean, Portaloian, Arizmendi Ikastolako abesbatzaren eskutik.
18:30ean taula inguruan Santa Teresa, Arimazubi eta Gazteluondoko ikasleen ikuskizunez gozatzeko aukera izango da.

Txikientzat Argitxoren ongi-etorria eta ipuin-kontaketa
19:00etan izango da haurrentzako momenturik hunkigarriena, Argitxori ongietorria egingo diote-eta Umezaintzako ikasleek harentzako propio prestatutako ikuskizunarekin. Ondoren, Maider Alzelai ikastolako gurasoak ipuin kontaketa eskainiko du txikienentzat. Jaiaren amaieran, berriz, ikasleekin osatutako trikitilari talde batek girotuko du arratsaldea, eta 19:45ean Aida Aguado DBHko 4. mailako ikasleak hainbat abesti eskainiko ditu bertaratzen direnentzat. Amaiera AZ Gaubelak taldearen emanaldiarekin izango da.

Kirol ekintzak eta apustu bitxiak
Bestetik, 18:00etatik 19:00ak bitartean Lehen Hezkuntzako neska-mutilek olinpiadak egingo dituzte Zaldibarko frontoian. Txosnetan taloak, pintxoak eta freskagarriak, garagardoakā€¦. egongo dira, eta baita apustu bitxiak ere. Puzgarrien eta tailerretako ekintzen osagarri, Santa Teresako eta Zaldibar guneetako Iban Roa eta Aitor Guridi (Txisto) xaboi ponpa erraldoiak egiten arituko dira. 21:00etan txosna gunean emango zaio amaiera egunari.

 

Iazko argazkiak