
Arizmendiko Kirol Elkarteak antolatutako Gabonetako Emakumezkoen XVI. futbol txapelketaren aurkezpena izan da gaur, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Prentsaurrekoan Garbine Etxeberria Errealeko emakumezkoen futbol arduraduna, Koldo Zubillaga Aretxabaletako kirol zinegotzia, Ignazio Barañano Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusia eta Urtzi Amiano Arizmendi Kirol Elkarteko kidea egon dira.
Hamabost aldiz jokatu da dagoeneko Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa. Aurtengoa, beraz, hamaseigarrena izango da. Debagoieneko ekimen bat izanda, gure bailarako talde guztiek hartzen dute parte: Mondra, Bergara, AloñaMendi eta Arizmendi. Hala ere, horiek ez ezik, bailaratik kanpo beste talde batzuk ere etorriko dira: GoierriGorri, Tolosa, Lagunonak, Anaitasuna, Atletico Lince.
Aurten berriz ere Ibarra futbol zelaira bueltatuko gara, eta lau maila arituko dira bertan: alebina, infantila, kadetea eta seniorra. Lehenengo hiru mailetan futbol 8ko txapelketa egingo da, eta senior mailan futbol 11ko goimailako triangular bat izango da. Senior mailan, aldiz, Erreala, Atletico Lince eta bailarako selekzioa izango dira, hau da, Bergara, Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaletako neskek osatzen duten Debagoieneko selekzioa.
Arizmendi ikastolak emakumearen kirolaren aldeko apustua egin zuen orain dela urte asko. Bide honetatik lanean, gaur egun bailaran emakume gehien biltzen dituen kirol elkartea da.