BERRIAK

FIRST LEGO League Euskadi txapelketan gure ikastolako lau talde

Pasa den otsailean DBH 4ko ikasleen artean FLL barne txapelketak jokatu genituen, bai Almenen eta baita Gaztelupen ere. Handik sailkatu ziren lau taldek  larunbatean hartu zuten parte Arrasateko Iturripen jokatu zen Euskadi mailako txapelketako finalean. Arrasaten ez ezik, Bilboko Deustuko Unibertsitatean eta Donostian, Donostia Sustapenaren egoitzan jokatu zen finala. 

“Ikerlan-Arizmendi” izenarekin lehiatu ziren gure taldeak, Ikerlan zentro teknologikoaren laguntza eta babesa baitauzkagu proiektu honetan. Gaztelupe gunetik bi talde joan ziren eta Almen gunetik beste bi; guztiak ere DBH 4ko ikasleak. Euskadiko txapelketa izanda, Euskal Autonomia Erkidegoko 14 ikastetxek hartu genuen parte, guztira 400 bat ikaslek. Tartean ikastolako komunitateko hainbat kide ikusi genituen; irakasleak, gurasoak eta baita ikasle ohiren bat ere, antolakuntzan murgilduta.

Zientziarako eta teknologiarako grina piztea izan zen egitasmoaren helburu nagusia. Robotekin misioak egiteaz gain, propio diseinatutako proiektu zientifikoa ere aurkeztu behar izaten zuten ikasleek epaimahai baten aurrean. 

Esperientzia aberasgarria, beti ere, partaide guztientzat. 

Bukatu aurretik, jaso ditzatela eskerrak egun hau posible egiten duten eragile guztiei, eta bereziki IKERLANi, urtez urte eta hamarkada bat baino gehiagoz ematen digun sostenguagatik. Irudiak.