BERRIAK

Festa Handirako egitaraua prest
Festa handirako prentsaurrekoa_albisterako

50. Urteurrenaren antolatzaile eta eragileek prentsaurrekoa egin dute gaur Almenen, Festa Handiaren bueltan prestatu duten egitaraua aurkezteko. Azken 50 urte hauetan Almenen ikasle, irakasle, guraso ohiak eta gaur egun diharduten irakasle, ikasle, gurasoak….  elkartzeko, egun osoko ospakizuna prestatu dute ekainaren laurako: goizean zehar kirol ekintzak egingo dira eta zumba herrikoia. Gainera, ikastola bisitatzeko aukera ere izango da. Eguerdi partean, bertsolariak izango ditugu (Jon Maia, Jon Sarasua, Amets Arzallus, Jokin Labaien…) eta gero Torrebasoko igoera. Bazkaria etorriko da ondoren, eta arratsaldean ere izango da ekintzarik: ikasleen kontzertuak, erromeria, Screamers & Sinners…. Egun guztian zehar gazteen txosna eta gazte eta helduen txosna ere izango dira edatekoekin eta jatekoekin.

Prentsaurrekoan denetariko eragileak
Gaurko prentsaurrekoari Almeneko LHko zuzendari K. Azkaratek eta BHko M. Muruamendiarazek eman diote sarrera, urteurrenaren balorazioa eginez; ostean, Arizmendi Ikastolako zuzendari I. Etxezarretak 50 urte hauetako testuinguru historikora hurbilpena egin du, eta jarraian irakasleen txanda izan da: A. Oianguren eta J. Kortazarrek egitarauaren bueltan jardun dute; E. Sainzek beteranoei erreferentzia egin die; I. Zubizarretak sortu duten abestia (Almenen ahalmentzen) aurkeztu du; M. Perez egindako artxibo eta irudi lanaren gainean aritu da eta M. Beitiak Almeneko 50 urteak sinbolo eta irudi bidez deskribatu ditu. Prentsaurrekoa osatzeko LHko 3. mailako ikasleek kristalezko lau zilindrozko monumentuan (50. Urteurrenaren omenez eginda) euren izenarekin harri bana bota dute.

Kirol ekintzak: futbola, eskubaloia eta saskibaloia
Almen kirol elkarteak –egun, Arizmendi Kirol Elkartea da– ibilbide oparoa izan zuen, eta asko izan ziren kirola eginez gozatu eta harreman politak sortu zituztenak. Urte horietan futbolean, saskibaloian zein eskubaloian jardun zuten emakumezko eta gizonezkoak gonbidatu nahi dituzte antolatzaileek bertaratu daitezen eta parte hartu partiduetan. Taldea osatu daiteke edo bakarka ere egin daiteke izen-ematea, egunaren aurretik antolatzaileen laguntzarekin osatuko baitira taldeak. Partidu laburrak izango dira. Izena emateko: www.arizmendi.eus/eu/almen50urte.

Hiru aukera bazkaltzeko
Bazkaltzeko hiru aukera izango dira: txosnetan bokatak izango dira, etxetik eramanda bazkaltzeko gunea izango da, eta bazkaria egingo da kiroldegian. Kiroldegiko bazkarirako txartelak eskuragarri izango dira maiatzaren 27ra arte Txukun (Arrasate), Belar Meta (Aretxabaleta) eta Azkoaga Hotela (Eskoriatza). Helduen txartelak 17 euro balio du eta ikasleenak, 10.