
Abian da Euspot, euskarazko iragarkien lehiaketaren 12.edizioa. Aurten parte hartzaileek 30 segundoko iragarki batean landu beharko duten gaia “Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!” da. Bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzea, gazteengan zientzia eta teknologiaren inguruko interesa eta grina piztea, eta sormena eta ikasteko grina bultzatuz munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzea, izango dira edizio honen helburu nagusiak.
3000 euro baino gehiago banatuko dira saritan, eta sei izango dira banatuko diren sariak: Spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), 14-18 urte bitarteko gazteen saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateako ikasleen spotik onenaren saria (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onenaren saria (250 euro).
Parte-hartzaileek 2023 maiatzaren 29a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.
Aurtengo babesle nagusia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Plana (ZTBP Euskadi 2030) izango da. Pasa den asteazkenean Eusko Jaurlaritzak Donostian duen delegazioan egin zen aurkezpena, eta lehiaketaren erakunde antolatzaile eta babesleen ordezkariak izan ziren bertan: Cristina Uriarte Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako mandataria, Goio Arana Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campuseko zuzendaria, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea, Arantzazu Lagunilla Arteman agentziako zuzendaria, Naiara Okina Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna eta Leire Luengo Bai Euskarari elkarteko ordezkaria.
Lehiaketaren web gunean argitaratutako albistea, hemen.