BERRIAK

EUSPOT euskarazko iragarkien lehiaketaren aurkezpena

Asteazkenean, urtarrilaren 23an, izan zen EUSPOT euskarazko iragarkien lehiaketaren aurkezpena Donostin. Aurtengoa, jadanik, 8. edizioa izango da. “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa. Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko antolatzen da EUSPOT lehiaketa.

Ekitaldian izan ziren ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako ordezkari Gari Ibarzabal eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan da Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko egitasmoko Iker Etxeberria, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.

Parte-hartzaileek maiatzaren 15era bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.