
Eskoriatza eta Aretxabaletako plazetara hurbilduko dira bertako guneetakoak
Ikastolako bazter guztietan ari dira ospatzen Euskararen Eguna. Gaurkoa San Frantzisko Xabier eguna ere bada, eta beraz, bikoitza du ospakizuna ikastolak. Almenen batxilergokoek hitzaldietarako erabiliko dute goizaren lehenengo zatia kirol osasuna, genero indarkeria eta moda kontuak hizpide, besteak beste. Beste erdia, berriz, herri kiroletarako. Batxilergoko ikasle guztiek ospatu ohi dute leku berean egun hau, Almenen. Lehen Hezkuntzan txokoetan jardungo dira lehenengo orduetan eta txistorra jan ostean, aretoan elkartuko dira euskararen aldeko manifestua irakurtzeko, egunerako propio Eskoriatzako Udalarekin egin duten spota ikusteko eta Almeneko kanta abesteko. DBHkoek, azkenik, laburmetrai rallya Gozatu euskara ahoan leloa hartuta. Eta txistorraren ostean, egindako lanak ikusiko dituzte. Euretariko batzuk Aretxabaleta eta Eskoriatzara joango dira HHko umeak hartu eta haiekin batera plazara hurbiltzeko. Bertan, Oihana eta Haizea Arana bertsolariek egindako bertsoa kantatuko dute.
Jose Aranako txikiek, Almeneko DBHkoek lagunduta, herriko plazara joango dira pankarta eta marrazkiak zintzilikatzera eta bertan bertsoa abestuko dute.Ikastolara bueltan, abesten eta dantzan arituko dira, eta goiza bukatzeko irakasleek prestatutako antzerki saioa ikusiko dute. Basabeazpin goiz guztian jolasak eta dantzak egingo dituzte eta 11:00etan Almeneko gazteekin kalejiran plazara hurbilduko dira manifestua entzutera, bertsoak kantatzera eta dantza egitera. Aldez aurretik, baina, ibili dira egunaren bueltako hainbat ekimenekin, esaterako, Euskaraz bizi nahi dut bideoa egin dute.
Txikien guneetara ikasle nagusiak joango dira hainbat ekintza medio, eguna borobiltzera
Uribarriko nagusiek Gaztelupeko ikasle talde batekin jolasak eta tailerrak antolatu dituzte, eta tailerrak egin ostean txikitxoekin elkartuko dira txistorra jatera; txikienek abesten eta dantzatzen jarraituko dute eta lau eta bost urtekoak Iturripera joango dira argazki erraldoian parte hartzeko. Aurreko egunetan euskararen inguruan lanketa berezia egin dutenez eta tartean marrazkiak, horiek Iturripera eramango dituzte.
Umezaintzakoak ere honezkero ari dira, goiza musikarekin girotuz, jaia ospatzen. Gaztelupeko gazteak bertara ere joango dira hainbat tailer eta ekintza txikiekin egitera. Ondoren, ikasleen laguntzaz, guneko nagusienak plazara joango dira, “Euskal Herrian Euskaraz” abestera eta argazki erraldoi bat ateratzera.
Gazteluondokoak ere aurretik aritu dira eguna prestatzen. Eta horren emaitza izan da Euskal Herrian euskaraz bideoa. Hori ikusiko dute lehenengo orduetan eta ondoren 11:00ak inguruan denetariko jolasetan (mahai jokoak, karaokea,mozorrotzen…) murgilduko dira. Txistorra jan ostean, plazara jaitsiko dira, argazki erraldoia ateratzera eta Euskal Herrian euskaraz abestera.
Santa Teresakoek ere lanak eginda dituzte aurretik, eta ohikoa den lelo lehiaketa antolatu ondoren, badituzte irabazleak. Ikasleek egindako Hotz eta bero euskaraz egunero! da aurtengo irabazlea eta Euskara ahoan, lagunak alboan guraso, langile eta irakasleek egindakoa. Eta gaurko egunean, askotariko jarduerak izango dituzte (txikiparka, makillaje tailerra, beldurrezko etxea, jolasak….). Amaitzeko txistorra erraldoia.
Arimazubin atzotik hasita daude Euskararen Eguna ospatzen. Atzo arratsaldean hainbat txoko, tailer eta jolas egin zituzten ikasleek. Gaur, berriz, mahai jokoetan jolasean ari dira. Euskal Herrian euskaraz gogoz entsaiatu, hamarretakoa hartu, eta 11:00ak aldera ikasle nagusi bakoitzak txiki bat eskutik hartuta, Iturripera joango dira argazkia ateratzera.
Gaztelupen ere denetariko ekintzak egongo dira, horietako batzuk tailerrak izango direlarik (abestiak sortzeko tailerra, aurpegi tuneaketa tailerra…) eta beste batzuk, jolasak (wiki dantza, mahai tenisa….). Karaokean ere ibiliko dira eta baita argazki rallyan ere. Txistorra ogitartekoa jan ostean, herriko plazan mosaikoa egingo dute.
Ikastolako nagusienak, Lanbide Heziketakoak, Ferixalekuan dute hitzordua. Hainbat jolas egin ostean (aulkien jolasa, sagar dantza, hula-hop eta lokotx bilketa) eta beste hainbat entretenimendu (musa, partxisa, pintxo lehiaketa….), txistorra egingo dute bertako jantokian guneko guztientzat.