BERRIAK

Etorri-berrien integraziorako proiektua

Pasa den astean bukatu zen batxilergoko 1. mailako Kulturartekotasun proiektua. Azken egunean, Almeneko eta Gaztelupeko ikasleek egindako lanaren eta sortutako produktuaren ahozko defentsa egin behar izaten dute publikoan. 

Horretarako errubrika bat izaten dute ikasleek erreferentzia bezala. Errubrika horretan irakasleek ahozko aurkezpen horretan zer baloratuko duten zehazten da.

Aurrez, bi astez aritu dira kulturartekotasunaren gaia lantzen eta toki desberdinetan egon dira informazio bila: kultur etxean, informazio zerbitzuetan, hainbat sindikatu-bulegotan, Lanbiden… Datu horiekin euren hipotesiak baieztatu edo ezeztatzeko ikerketa-proiektu bat egin dute. 

Ostiralean ekoizpen-lan bikainak aurkezteko txanda heldu zen. Normala den bezala ikasleak urduri egon ziren goizean zehar; batxiko eremuetako txoko ezberdinetan ikusi ahal izan genituen aurkezpenak prestatzen. Proiektuetako produktuek helburu eraldatzailea izatea bilatzen dugu ikastolan, eta ildo horretatik sorkuntza lan interesgarriak ikusi genituen: prentsan aurkezteko iritzi artikuluak, DBH2koek Drama gaian landuko duten antzezlana; herriko dendetan banatzeko esku-gida, etorkinekin euskaraz nola jardun aurkezten duena; Guhaziakgara eta Auzoko elkarteekin elkarlanean herrietan antolatzeko ekintza ludikoa, kanpotarren eta bertakoen elkarrekintza ahalbideratuko duena; beste ikaskideekin jolasteko moduko jolasa kanpotarren inguruko aurreiritziak lantzen dituena…
Hurrengo egunetan ikasleek egindako lanaren feedbacka jasoko dute irakasleen ahotik. Lanen indargune eta ahulguneak aztertuko dituzte, batez ere, hurrengo proiektu garaian, otsailekoan, hobetu jarduteko tresnak izan ditzaten.

Esaldi bakarren, poliki-poliki ikasi eta hobetzen joateko. Almeneko eta Gaztelupeko argazkiak.