BERRIAK

Estatu mailako kanporaketan Valentzian sailkatu zen ikasle taldea

Albaniara joango dira irailean, atzerriko delegazio gisa, batxilergoko hiru ikasle. EYPko (Europako Gazte Parlamentuan) estatu mailakoan sailkatu ziren Valentzian.

Aurtengo Europako Gazte Parlamentuan, estatu mailako fasea gainditu ondoren, nazioarteko kanporaketan parte hartuko dute Arizmendi Ikastolako hiru ikaslek, Ainhoa Gonzalezek, Alaitz Gabilondok eta Mirian Garciak, hain zuzen ere.

Valentzian egin zen estatuko kanporaketan sailkatu ondoren, Albaniara joango dira irailaren 8tik 14ra ikasle horiek. Hango kanporaketa nazionalean parte hartuko dute atzerriko delegazio gisa. Modalitate horietako kanporaketei nazioarteko edo europar ukitua emateko parte hartzen dute beste nazio batzuek Albaniakoaren moduko foroetan, eta hori dela-eta gonbidatu dituzte Arizmendi Ikastolako ikasleak.

Bigarrenez iritsi da Arizmendi Ikastola Europako Gazte Parlamentuaren azkeneko fasera, eta orain dela hiru urte hasi zen EYP nazioarteko lehiaketan parte hartzen.