
Pasa den larunbatean Eskoriatzako kaleetara eraman genuen Ikastola. Herriko kaleak artisauen eta bertako produktuen postuz, sormenez, jolasez dantzaz, musikaz, jan eta edanez bete genituen. Zelako giro goxoa herrian sortu zena! Bi urtez Ferixie ezin ospatu egon eta gero, berriz ere loratu ahal izan zen! Makina bat lagunek makina bat lan egin eta gero, noski. Antolakuntzan hainbat astetan, egunean bertan muntaketan eta desmuntaketan ere berdin, eta nola ez, eguna aurrera eramateko bolondresak ahaztu gabe.
Mila esker, beraz, lerro hauen bitartez larunbateko egunerako modu baten edo bestean lanean ibili zineten ikasle, irakasle, guraso eta herritarrei!
Egunak izen propio batzuk utzi zituen; urtero bezala Gazta eta Txorimalo lehiaketa egin baitziren, eta artisau postuen artean azpimarragarrienak ere saritu baitziren.
XII. Gazta lehiaketako irabazlea, Maringo IƱaki Arrese izan zen. Txorimalo lehiaketan, berriz, 3 taldetako kideek jaso zituzten dominak: “Suhar”, “Mari Sorgin” eta “Zoe Raibes” txorimaloen egileek, hain zuzen ere. Lan apartak aurkeztu omen zituzten ikasleek; epaimahaikideei erabakia zailtzeko bestekoak.
Herria kolorez bete zuten 90 postuen artean, Irrika Gluten Free-ko ogi eta pastelek, Felix LarraƱagaren taila lanek eta Carla Sanchezen postuaren dotoreziak jaso zuten errekonozimendu berezia.
Ohitura den bezala, errifen salmenta ere egin genuen, eta gero, zenbaki irabazleen zozketaren txanda izan zen. Hemen zenbaki irabazleak:
Sari nagusia: 0741 (ordezkoa 0776)
Bigarren saria: 3222 (ordezkoa 3665)
Bizipenak, irribarreak eta koloreak irudietan ikusiko dituzue. Tartean, guraso batek espreski ateratako argazki ederrak daude.
Datorren urtean XXV. Eskoriatzako Ferixie egiteko moduan egon gaitezen desiatuz, esango diogu agur aurtengoari. Argazkiak.
Testua: Almeneko taldea.