
Joan Mari Torrealdai Nabeak ia amaitua utzi zuen “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” liburua aurkezteko solasaldi zikloa egingo dute Berria, Elkar eta Jakin fundazioak datozen asteetan. Arrasateko Kulturaten izango da lehen geldialdia, otsailak 22 asteartea, 19:00etan.
Torrealdaik hasitako memoria lanari bukaera eman dion Joanmari Larrartek egingo du liburuaren aurkezpena eta ondoan izango du Joseba Ezpeleta arrasatearra, Egunkaria itxi zutenean, AEDko lehendakari izanik, Arrasaten sortu zen herri batzordean buru-belarri aritu zena. Eta Goienako kazetari batek gidaturik, Euskaldunon Egunkariaren historia zein haren itxierak piztu zuen herri mobilizazioa ekarriko dizkigute gogora bien artean.