BERRIAK

D2030: kotxerik gabeko eguna eta auzolanerako deia

Aurtengo ikasturtean D2030 ekimenaren barruan eta Torrebaso proiektuaren garapenean hainbat ekimen egin dituzte Almen gunean. Ikasturtea amaitzen joateko beste bi antolatu dituzte. Alde batetik, mugikortasunari helduko diote eta “kotxerik gabeko” eguna antolatu dute. Bestalde, iritsi da zenbait eskuhartze gauzatzeko momentua. Eta eskuhartzeok, auzolanean egitea pentsatu dute.

“Kotxerik gabeko” egunaren helburua egun horretan ikastolara partaide gehienak oinez, bizikletaz, patinetez… etortzea izango da. 

Kotxerik gabeko eguna ekainaren 16an izango da, asteazkena. Ekintza hau aurrera eraman ahal izateko, eguneroko antolaketan aldaketa hauek emango dira:

Seme-alabak ikastolara bakarrik joateko ohiturarik ez badu, jakin, Lehen Hezkuntzako ikasleak goizeko 9:00etan elkartuko dira irakasleekin ikastolarako bidea elkarrekin egiteko: 

  • Aretxabaletan, Basabeazpi eta Iralabarri parkearen artean.
  • Eskoriatzan, herriko plazan. 

Eguerdian, modu berean, 12:00etan Almenetik irten eta goizean elkartutako tokiraino joango dira irakasleak bidelagun izanda. 

LHko gainontzeko ikasleak eta DBHko ikasleak euren kabuz oinez, patinetez, bizikletaz… etorriko dira.

Kontutan hartu beharrekoak: 

  • Harrera gela zabalik egongo da. 
  • Autobus zerbitzua martxan egongo da, baina modu ez-motorizatuan etortzea gomendatzen da. 

Salbuespenak (ezintasunak, larrialdiak,…) kontutan hartuko dira baina egun honetan kotxea etxean uzteko ahalegin berezia egitera animatzen dute Almenekoek. 

Etorkizuna gaur egiten dugunaren araberakoa izango da. Etorkizuna, gure erantzukizuna!

Auzolaneko ekimenaren baitan, hemen hitzordua:

  • Eguna: ekainaren 14 eta 15
  • Ordua: 16:00etan (edo ahal denean)
  • Non: Almeneko kanpo espazioan
  • Egiteko dauden lanak honakoak dira:
    • Paleekin bankuak egitea
    • Torrebason zirkuitu/egitura batzuk eraikitzea
    • Almeneko inguruak garbitzea

Ez da lehenengo aldia ikastolako profesional, ikasle eta gurasoek auzolanean jarduten dutena. Irailero desbrozadorak hartu eta basoan larrak mozten aritzen dira hainbat lagun. IDZko pintaketak ere auzolanean egin ziren bere momentaun batxilergoko ikasleekin eta ikastolako hainbat eremu pintatzen eta konpontzen ibilitakoak dira guraso taldeak ere.

Are gehiago, auzolanerako dei honekin batera, jada egin da beste hitzordu bat udako oporraldi osterako. Irailak 11n, larunbatean elkartuko dira beste lan batzuei ekiteko.

Parte hartzeko bete ezazu ondorengo formulategia.

Ikastolak denon artean eraiki dezagun!!