BERRIAK

Buruko gaitza duten gaixoekin batxilergokoak
Respaldiza proiektuaz

Arizmendi Ikastolako batxilergoko bederatzi ikaslek elkarbizitza esperientzia baten parte hartu dute irailean buruko gaitza duten hainbat gaixorekin.

Irailaren 1etik 4ra bitartean Respaldizan (Araban), San Juan de Dios erakundearen etxe baten, izan dira Almeneko bederatzi ikasle eta San Juan de Dios ospitaleko hamabost gaixo elkarrekin denetariko jarduerak eta esperientziak bizi izaten. Orain bi ikasturte hasi ziren batxilergoko ikasleak, Eli Mendia orientatzailea tarteko, Santa Agedako S. Juan de Dios ospitaleko Emilio Martin psikologoarekin drogomenpekotasun tailerrak egiten. Iaz tailer horretako baten ostean, E. Martinek ikastolari bizikidetza esperientzia bat martxan jartzea proposatu zion, hau da, egun batzuetako egonaldi bat prestatzea zen bere asmoa buruko gaitza zuten zenbait gaixo eta ikasleen parte-hartzearekin. Ikasleetariko batzuek interesa adierazi zuten, eta egoitzara egindako bisita baten ondoren eta gurasoekin kontrastatu ostean, uztailan San Juan de Dios ospitalean proiektua ezagutzera eman zen eta irailaren lehenengo egunetan gauzatu zuten egitasmoa.

Ikasleentzako esperientzia berezia eta aberasgarria izan da. Euren esanetan “konturatu gara, azken baten, ez garela hain desberdinak eta konturatu gara, gainera, nahiz eta batzuek pentsatu ez zaiela inoiz gertatuko, gutako edozein egon daiteke noizbait eurak dauden egoeran”. Ikasleak pozik daude ikasi dutelako eurekin elkarbizitzen eta batak bestea errespetatzen, eta jakin badakite bizi izan duten esperientzia aurrera begira baliagarria izango zaiela eta pertsona gisa garatzeko lagungarri izan zaiela.

Asteartean, esperientziaren berri izateko bilera deialdia egin zieten S. Juan de Dios ospitalekoek esperientzian parte hartu duten guztiei: gaixoei, ikasleei, batzuen zein besteen familiei, terapeutei, erakundearen ardurakundeei eta modu baten edo beste baten esperientzian parte hartu duten guztiei. Horietako bat izan zen Domingo Palacios erizaintzan doktorea eta Juan Carlos I unibertsitateko irakaslea. Izan ere, Palacios ere izan zen Respaldizako egonaldian ikerketa-lan bat medio. Berak esandakoetan nabarmendu daiteke ikasle gazteei buruz aipatu zituen ezaugarriak, ausardia eta sentsibilitatea, esaterako. Gurasoek ere, aho batez, txalotu zuten ekimena. Ikasturtean zehar Madrilera, Juan Carlos I unibertsitatera joango dira ikasleak esperientzia horren berri ematera.

Argazkiak eta adierazpenak bideoan.