
BIZI asteetan murgildu dira BATU egitasmokoak azken bi asteetan. BIZIren helburua, PROIaren amaieran ohiko ikasprozesuan eten bat egitea da. Gai baten bueltan diseinatzen dira aste hauek, eta hainbat dinamika tarteko, ikasleak ohiko zereginetatik ateratzen dira, hurrengo asteetarako indarberritzeko. Zaletasunak deskubritzen hasteko testuinguru aske eta malguagoak eskaintzen zaizkien ikasleei egun horietan zehar.
Joan zen astean LH 5 eta 6koen txanda izan zen; aste honetan, berriz, DBH 1 eta 2koena izan da.
LH 5ekoak hiru aditu taldetan banatuta egin zituzten jarduerak, teknologia oinarri hartuta. Hiru taldeak artisauak, teknologoak eta jokabide motorrekoak hauexek izan ziren. Lehenengoak mahai jolasak egin zituzten; bigarrenak, Makey programarekin instrumentuak eta hirugarrenak, zirku emanaldi bat prestatu zuten.
LH 6koek, berriz, pilota izan zuten abiapuntu, eta horrekin lotutako hainbat modalitate ezagututa, praktikan jarri zituzten beraiek sortutako tresnekin (esku-pilota, xistera, pala…).
DBH 1ekoak Euskal giroan murgilduta eman dute astea. Helburua, Euskal Kulturaren alderdi ezberdinak balioestea izan da, jarduera ezberdinetan aktiboki parte hartuz. Horretarako, ikasleek Euskal Kulturarako alderdi ezbedinak ezagutu eta hauetaz gozatzeko aukera izan dute, herri kirolak, dantza eta pilotaren baitan diseinatutako dinamika ezberdinen bitartez. Gaur, ostirala, Iturripen ospatuko duten “Euskal Giroan Jolasean” jaialdiarekin borobilduko dute astea. Bertan Ikastolako gune ezberdinetako DBH 1eko ikasleak batuko dira.
DBH 2koek Inauterien inguruan egin dute BIZI astea. Herrian zehar dauden inauterietako pertsonai eta ohiturak ezagutzeaz gain, ikasleei beraien mozorroa prestatzeko baliabideak eskaini zaizkie. Honekin batera, mahai jolasak erabiliz, Euskal Herriko inauterietako pertsonai nagusiak ezagutu, eta inauterietan ezagunak diren dantzak ikasteko parada izan dute ikasleek. Eta asteari amaiera emateko, gaur ostirala, LH-ko guneetan desfile eta dantzak egingo dituzte, besteak beste.
Jarraian, argazki bildumak:
- Almeneko LH 5 eta 6koak, pilota eta robotika astean.
- Arimazubiko LH 5 eta 6koak pilota eta robotika astean.
- Gazteluondoko DBH 1ekoak, Euskal Giroan.
- Gune guztietako DBH 1ekoen azken jaia Iturripen.
- Almeneko DBH 2koak, Inauterien astean.
- Gaztelupeko DBH 2koak, Inauterien astean.