BERRIAK

Berrikuntza gure hezkuntza-komunitatera gerturatzen: KUKU emozio programa

KUKU, Ikastolen elkarteak 2020-2021 ikasturtean sortutako proiektua da, HHko haurrekin emozioak lantzeko; hauek identifikatu eta ezagutzen trebatzeko. Haurrak emozio bakoitzak zer eragiten dion konturatzea, gorputzean, zein bere ekintzetan, bere emozioen kontzientzia hartuz. Emozioak lantzeaz gain, hizkuntzak eta komunikazioak ere indar handia hartzen dute proiektu honetan.

Ikastolen elkarteak programa hau aurrera eramateko, formazio plan bat irudikatu du. Aurtengo ikasturtean lau bat saio egitea aurreikusten da. Saio hauetan emozioak zer diren eta hauen lanketa zergatik den garrantzitsua lantzen hasiko dira, adimen emozionalean sakontzen. Ondoren oinarrizko sei emozioak ezagutu eta maila teorikoan sakonduko dute hauetako bakoitzean, eta haurrekin lantzeko estrategia eta dinamika ezberdinak jorratuko dituzte.

Aurreko ikasturtean Arizmendi Ikastolako 6 lankidek hartu zuten parte formakuntzan, eta aurten beste seik. Hauek bertan landutakoa guneko lankideekin partekatuko dute, eta pixkanaka ERDU egitasmoko profesional guztiek proiektua ezagutu eta esperimentatzen hastea da helburua. 

Programa honekin lotuta, Ikastolen Elkarteak Ikaselkar argitaletxearekin batera haurrekin emozioak landu ahal izateko materialak sortzen dihardu, KUKU bilduma. Haserreari eta sorpresari beste bi emozio gehitu berri zaizkie beste horrenbeste libururen bitartez: poza eta beldurra. Lehen bi liburu hauetako egileei –Iñigo Astizek eta Leire Salaberriak eta Agurtzane Ortizek eta Enrique Morentek osatutako bikoteei, alegia– beste hiru sortzaile bildu zaizkie. Bikote gisa lan egin dute beldurrari buruzko ‘Putz egin eta ikusiko duzu’-n Karmele Jaio idazleak eta Mikel Casal ilustratzaileak. Maite Mutuberriak, berriz, bere gain hartu ditu lan biak pozari buruzko ‘Irrimola’ liburua osatzeko orduan.