
Arizmendi Ikastolan berrikuntzaren bila ari gara etengabe, gizarteak aurkezten dizkigun erronka berriei aurre egiteko gai izango diren pertsonak garatzen laguntzea da-eta gure xedea. Zazpi ezaugarri dituen pertsona-eredua definitu dugu (analitiko-kritikoa, barne-sendotasuna duena, eraldatzailea, euskalduna, hurbila-enpatikoa, kooperatiboa-autogestionarioa eta sortzailea), eta inpaktu hau lortzeko, gelatan sistematikoki errepikatzen diren esperientziak (Irakaskuntza Esperientzia Motak edo IEMak), diseinatu ditugu. Gaurko egunean 5 IEM dira gelatan ezartzen ari garenak: PROI, GPS, SAKON-Hizkuntza, SAKON-Matematika eta BIZI.
Gure Ikastolako profesionalei eraldaketa pedagogiko horretan behar duten prestakuntza, materiala eta akonpainamendua eskaintzeko, lan-talde bat ari da lanean. Aurreko asteko Ikastolako Bizitzan, PROIen inguruan hitz egin genuen; gaurkoan, berriz, SAKON-Matematika IEMaren arduraduna den, eta bidelagun lana egiten duen, Leire Arana Almeneko irakaslearekin egon gara.
Zer da SAKON-Matematika?
Matematika mundua deskribatzeko erabiltzen dugun hizkuntzetako bat dela ulertuta, bere garapen propioa eskatzen duela ikusten dugu; abstrakzio maila altua duelako eta, urratsez urrats igotzen den eskailera legez, oso inportantea delako ibilbide hori zaintzea. Horretarako garatu dugu Ikastolan matematikarekiko ikuskera propioa; matematikaren garapena HHtik abiatuta eta azken ikasturteetararte modu egokian egingo dela zainduko duten printzipioak zehaztu arte. SAKON-Matematikan, beraz, lan horri ekiten diogu.
Momentu honetan berrikuntzatik zein akonpainamendu eta formazio eskaintzen zaie profesionalei?
LHko guneetako SAKON-Matematikako irakasleak astero elkartzen dira nirekin ordu térdiz. Bertan lantzen eta komentatzen ditugu irakasleen galderak eta proposamenak. Akonpainamendu saio hauen helburua da etengabe formatzen jarraitzea irakasle bakoitzak eta, baita ere, gure Ikastolako matematikaren ikuskera hedatzea, orokortzea. Etengabeko bustitze lana egitea, alegia.
Hurrengo irudietan, Santa Teresako LH 5eko eta Arimazubiko LH 1eko ikasleak ikusi ditzakegu SAKON-Matematika IEMa lantzen.