BERRIAK

Berrikuntza gure hezkuntza-komunitatera gerturatzen: SAKON-hizkuntza

Arizmendi Ikastolan, berrikuntza pedagogikorako grina daukagu eta bide horretan jarraitzen dugu egunez egun. Horretarako, saretzen eta kooperatzen ari gara, bai ikastolekin, bai Mondragon Unibertsitatetako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin (HUEZI), eta baita inguruko beste eragile batzuekin ere. Eraldatzeko gogoa dago, eta berrikuntzaren bila ari gara etengabe, testuinguru berriari egokitzeko. 

Pertsona-eredua definitu dugu eta inpaktu hau lortzeko, gelatan sistematikoki errepikatzen diren esperientziak (Irakaskuntza Esperientzia Motak  edo IEMak), diseinatu ditugu. Gaurko egunean, PROI, GPS, SAKON-hizkuntza, SAKON-matematika eta BIZI dira gelatan ezartzen ari garen IEMak.

Gure Ikastolako profesionalei eraldaketa pedagogiko horretan behar duten prestakuntza, materiala eta akonpainamendua eskaintzeko, lan-talde bat sortu da. Aurreko bi astetako Ikastolako Bizitzan, PROI eta SAKON-matematikaren inguruan hitz egin genuen, gaur berriz, SAKON-hizkuntza IEMaren arduradunak diren eta bidelagun lana egiten duten, Miriam Talabera eta Maider Hercerekin egon gara.

Zer da SAKON-hizkuntza?

Hainbat konpetentzia diziplinar lantzeko tartea da. Modu isolatuan landu daitezkeen ulermenerako eta mekanizaziorako prozedurak sartuko dira hemen. Horrela, SAKONeko orduak hizkuntzei eta matematikei eskainiko dizkiegu, eta euskara eta gaztelera piktoidazketaren bidez landuko da. 

Piktoidazketa pentsamendu sortzailea garatzeko eta komunikatzen ikasteko proposamen didaktiko berritzaile eta multimodala da, ahozko, idatzizko eta irudi bidezko hizkuntzak integratzen dituelako. Ikasleen errealitatetik gertu dauden egoera komunikatiboak eskaintzen ditu, diskurtsoei (ahozkoei, idatzizkoei eta irudizkoei) zentzua topatzen lagunduz eta ikaskuntzarekiko motibazioa sustatuz.

Honez gain, hizkuntzen trataera integratua (eleaniztuna) ahalbideratzen du, eta beraz, hizkuntzen arteko (euskara eta gaztelaniaz) ikaskuntzan transferentziak egitea errazagoa da.

Momentu honetan berrikuntzatik zein akonpainamendu eta formazio eskaintzen zaie profesionalei?

GURA zein BATU egitasmoan, maila bakoitzean ipuinaren lanketa egiten da urte erdiz eta gainontzekoan ikasleak idazle bilakatzen dira eta ipuin bat sortzen dute. 

Akonpainamendua hamabost egunero egiten dugu, ordu eta erdiko saio batean. Plataformaren erabileraren zein metodologiaren inguruko formazioak egiten ditugu. Akonpainamendu saio hauetan, metodologia berritzaile hau gelan martxan jartzeko irakasleei proposamenak eta ulemen estrategiak partekatzen dizkiegu. Gainera, prozesu horretan irakasleei sortzen zaizkien galderak zein proposamenetarako unerako tarteak ere zabaltzen ditugu.

Hurrengo irudietan, Gaztelupeko DBH 2ko eta Arimazubiko LH 1eko ikasleak, SAKON-hizkuntza IEMa lantzen ikus ditzakegu, piktoidazketan lanean.