BERRIAK

Berrikuntza gure hezkuntza-komunitatera gerturatzen: PROI-ak

Arizmendi Ikastolatik ateratzen diren ikasleak zer nolakoak izan daitezen, zazpi bereizgarritan definitu ditugu: analitiko-kritikoa, barne-sendotasuna duena, eraldatzailea, euskalduna, hurbila-enpatikoa, kooperatiboa-autogestionarioa eta sortzailea. Huek dira guk amesten dugun PERTSONA-EREDUAren ezaugarriak; eta gure xedea, gure ikasleei hau garatzen laguntzea da. Inpaktu hau lortzeko, sistematikoki errepikatzen diren esperientziak behar ditugu geletan. Horretarako, IRAKASKUNTZA ESPERIENTZIA MOTAK (IEMak) diseinatu ditugu: PROI, GPS, SAKON-hizkuntza, SAKON-matematika eta BIZI. 

Arizmendiko profesionalei eraldaketa pedagogiko horretan behar duten prestakuntza, materiala eta akonpainamendua eskaintzeko, lan-talde bat ari da buru-belarri lanean. Hurrengo bost astetan, IEM bakoitzaren arduradunak elkarrizketatuko ditugu Ikastolako Bizitzan, esperientzia mota hauen inguruko xehetasunak jasotzeko. 

Aste honetan PROIetaz arduratzen diren Mireia Muruamendiaraz eta Agurtzane Mujikarekin hitz egin dugu.

Zer da PROI?

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ohiko irakaskuntza tradizionaletik aldentzen den metodologia da eta ikasteko zein irakasteko beste modu bat proposatzen du. Metodologia honen bitartez ikasleak goi mailakoak diren prozesu kognitiboak (pentsamendu analitikoa, kritikoa eta sortzailea) jartzen ditu martxan. Irakaslea berriz, prozesu kognitibo horiek gerta daitezen testuinguru aproposak sortzeaz arduratzen da. Sistema tradizionalean irakasleak gai bat eta gai honi lotutako prozedura batzuk aurkezten ditu, ikasleak entzun eta praktikatu egiten du, eta azkenik, irakasleak ebaluatu egiten du. 

Proiektuetan Oinarritutako metodologia honetan berriz, ikasleek bilatu egiten dute, eztabaidatu egiten dute, erratu egiten dira, hobekuntzak proposatzen dituzte, aplikatu, zuzendu, komunikatu, ebaluatu … egiten dute. 

Metodologia hau egoera-arazo-erronka-behar batetik abiatzen da. Behar hau ikuspegi sozial batetik planteatzeak motibazio gehigarria suposa dezake ikasleentzat. 

Egoera-arazo-erronka-behar hau galdera gidari moduan formulatzen da Proiektuaren bukaeran, hasieran planteatutako erronka eta galdera horri erantzungo dion amaierako produktu bat edo batzuk ekoizten dituzte ikasleek.

Arizmendik zehaztu duen ikaslearen irteera-profilari, pertsona ereduari, erantzuten dio gainera.

Momentu honetan berrikuntzatik zein akonpainamendu eta formazio eskaintzen zaie profesionalei?

BATUn eta ERDUn ari diren irakasleei formazioa eta akonpainamendua ematen diegu une honetan. Profesional hauen beharretara egokitutako akonpainamendua eskaintzea da helburua, egunerokotasunean sumatzen dituzten beharretik abiatuta. Gai orokor batzuen inguruko formazioa eskaintzen dugu: Zer da PROIa? Zein da irakaslearen eta ikaslearen rola? Espazioak nola kudeatu? Aukera Metodologiko hau aurrera eramateko gakoak… 

Honez gain, pixkanaka, espazioetan barneratu eta behaketa sistemiko bat aurrera eramango dugu praktika onak eta hobekuntzak identifikatzeko helburuarekin.