BERRIAK

Berrikuntza gure hezkuntza-komunitatera gerturatzen: GPS

Arizmendi Ikastolan ezarritakoarekin apurtzeko eta aurrera egiteko indarra eta konbentzimendua daukagu; ekintzaileak gara eta etengabeko hobekuntza da gure bidea. Ildo horretatik, eraldaketa pedagogikoa diseinatu eta gelako errealitatera eramateko lantalde zabala eta indartsua osatu dugu azken urteetan, berrikuntzaren motorra izango dena. 

Era berean, garrantzitsua da guretzat Ikastolan gertatzen ari diren berrikuntza guztiak koherenteak direla ziurtatzea. Hau dela eta, eraldaketa honetan eman beharreko lehen urratsa prototipo bat diseinatzea izan da, ondoren, edozein etapatan eraldaketa prozesua martxan jartzeko baliagarria izango dena. 

Aurreko  ikasturtean, LH 5-6 eta DBH 1-2 etapak batzen dituen BATU egitasmo pedagogikoren prototipoa diseinatu genuen, eta abiatu berri dugun ikasturte honetan, prototipo hori gelatara eramaten ari gara. 7 ezaugarri dituen pertsona eredua definitu ondoren (analitiko-kritikoa, barne-sendotasuna duena, eraldatzailea, euskalduna, hurbila-enpatikoa, kooperatiboa-autogestionarioa eta sortzailea), inpaktu hori lortzeko geletan sistematikoki errepikatzen diren esperientziak, edo Ikaskuntza Esperientzia Motak (IEMak) diseinatu ditugu. 5 IEM dira gaurko egunean BATU egitasmo pedagogikoaren barruan, gelatan ezartzen ari garenak: PROI, GPS, SAKON-hizkuntza, SAKON-matematika eta BIZI. 

Gure Ikastolako profesionalei eraldaketa pedagogiko horretan behar duten prestakuntza, materiala eta akonpainamendua eskaintzeko, lan-talde bat ari da lanean. Aurreko asteko Ikastolako Bizitzan, PROI, SAKON-mate eta SAKON-hizkuntzaren inguruan hitz egin genuen; gaur, berriz, GPS IEMaren arduraduna den eta bidelagun lana egiten duen, Maite Agirianorekin egon gara.

Zer da GPS?

GPS Garapen Pertsonalerako Saioak dira. Garapen pertsonalaz ari garenean bakoitzak barrutik hazteko duen gaitasunaz ari gara. Eta guk nola ulertzen dugu barrutik haztea? Bada oraindik deskubritu edota eguneratu gabe ditugun gaitasunetan haztea, gure egunerokotasunean, eta oro har gure bizitzan, oztopo bihurtzen diren beldurrak eta zailtasunak gainditzeko urratsak ematea, norbere buruari buruzko irudi doitua eraikitzea, nork bere buruarekin dituen elkarrizketetan aurrera egiten laguntzen diona eta blokeatzen duena zer den bereizten ikastea, barrutik hazteak besteekiko harremanetan eragiten dituen aldaketez ohartzea, nor bere izatean errotuta bizitzeak pizten duen enpatiarako, elkartasunerako, ekimenerako, sorkuntzarako… grina esperimentatzea. Hori guztia eta gehiago da garapen pertsonala.

Lanketa honek berariazko denbora batzuk eta espazio batzuk eskatzen ditu. Pertsona ez da berez eta besterik gabe barrutik hazten urteetan aurrera doalako, gertaera lazgarri edota gertaera bizigarri eta gogoangarri bat gertatu zaiolako. Hazkuntza hori gertatzen da pertsonaren dimentsio jakin baten inguruan aurrerapauso kualitatibo bat gertatu denean eta berak horren kontzientzia duenean. Garapen Pertsonala bizitza osoko prozesu bat da.

Momentu honetan berrikuntzatik zein akonpainamendu eta formazio eskaintzen zaie profesionalei?

GPS irakasleek bi akonpainamendu mota izango dituzte. Alde batetik, gelaratuko dituzten GPS saioak esperimentatzeko tarteak izango dituzte akonpainamendu praktikoen bitartez eta bestetik, kanpo profesionalen eskutik akonpainamendu pertsonala jasotzeko aukera ere izango dute. 

GPS saioak eman behar dituzten irakasleek beraien garapen pertsonal propioa egin eta bizi behar dute ikasleekin landu nahi duguna erreala izan dadin. Horretarako formazioa jasotzeaz gain, prozesuan sortzen zaizkion zalantza, oztopo eta bizipenak ulertzen eta onartzen lagunduko dion akonpainamendu pertsona aditu bat aldamenean babesa ematen izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Aldi berean, eredu hori irakasleak ikaslearekin egin beharreko lanean erabil dezake etorkizun batean. 

Hurrengo irudietan, Gazteluondoko DBH 1eko ikasleak ikus ditzakegu GPS saio batean.