BERRIAK

Berrikuntza gure hezkuntza-komunitatera gerturatzen: BIZI

Arizmendi Ikastolan gizartean gaur egun planteatzen zaizkigun erronkei erantzun nahi diegu, gure ikasleak etorkizunari heltzeko prest sentitu eta honi itxaropen eta ilusioz hel diezaioten. Eraldaketa lortuko dugu baldin eta garen hori mantentzen badugu, eguneratzen badugu eta, aldi berean, eraldatu beharra dagoela uste duguna eraldatzen jarraitzen badugu. Eta horretan dihardugu. 

Abiatu dugun ikasturtean, LH 5-6 eta DBH 1-2 batzen dituen BATU egitasmo pedagogikoan ohiko ikaskuntza-irakaskuntza ereduarekin apurtu dugu, eta Ikastolan definitu dugun pertsona eredua garatzen lagunduko digun prototipoa eramaten ari gara geletara. Horretarako, IEM-ak (Ikaskuntza Esperientzia Motak) edo gelatan sistematikoki errepikatzen diren esperientziak, diseinatu ditugu. Aurreko asteetako Ikastolako Bizitzan PROI, Sakon-Matematika, Sakon-Hizkuntza eta GPS IEM-en inguruan hitz egin genuen; gaur, berriz, BIZI IEMaren arduraduna den Gari Ibarzabalekin egon gara.

Zer da BIZI?

Ikasleei beste testuinguru aske eta malguago batzuk eskaintzea beraien ezaugarri pertsonalak garatu ditzaten. 

BIZIren helburu nagusiak lirateke:

  • Ikasleei distentsioa sentiaraztea eta errekreatzea, taldean sozializatuz eta talde nortasuna garatuz.
  • Ikasleek beraien zaletasunak deskubritzen hastea adimen anitzak kontuan hartuz.
  • Ikasleek komunitatearekiko atxikimendua garatzea boluntariotza lanaren bitartez.

Ikaskuntza irakaskuntza proposamen hauek aurrera eramateko ikaskuntza kooperatiboa, ereduan oinarritutakoa, berdinkideen artekoa, ikaskuntza komunitatea eta ikaskuntza zerbitzua metodologiak erabiliko dira.

Helburu hauei erantzuteko hiru hezkuntza esparru hauetaz baliatuko gara:

GOZATU: Jarduera fisikoa eta bereziki jolasaren unibertsoaren bitartez ikasleak ondo pasatzea eta beraien artean hobeto ezagutzea, ikasleen arteko kontaktu fisikoak, bapateko elkarrekintzak, emozioen lanketa eta gorputzaren bizipena azpimarratuz. Ikasleak jolastu, lehiatu, sortu, kooperatu, eta auto erregulatu egin beharko da mugimendua eta gorputza ardatz duten jardueren bidez. Balio hezkuntza, gatazkak konpontzeko estrategiak eta adimen emozionala garatzeko testuingurua ere izango da. Jarri ditzagun ikasleak mugimenduaz gozatzen eta ikasten.

SORTU: Zaletasunak antzematea da helburu; zaletasun horietara iristeko adimen anitzen paleta erabiliko da ikasleak eroso sentitu daitezen, indartsu diren horietan gogotsu lan eginez batez ere ikaskuntza kooperatibo metodologia erabiliz. Esparru honetan ikasle bakoitzak hainbat esperientzia berri bizitzeko aukera izango du, bere adimen ezberdinak elikatzeko eta bide batez zaletasunak antzemateko.
Esparru hau garatzeko hezkuntza komunitatean (ikasleak, guraso, aiton amonak, irakasleak, kolaboratzaileak … ) dagoen ezagupena, zaletasunak eta kontaktuak erabiliko dira, lanketa erreala, autentikoa eta jasangarriak egiteko. 

JASO-EMAN: Ikaskuntza zerbitzua oinarri izango duen lan esparru honetan, ikasleen boluntariotza lanak sustatzeko aukerak sortuko dira. Ikastola barruan zein herrietara lotutako ekimenetan parte hartzera animatuko ditugu.

Bestelako ezaugarri batzuk:

  • Asteari koherentzia bat emate aldera, jarduera guztiak gai baten inguruan ardaztuko dira.
  • Ikasleek jarduerak aukeratzeko bidea izango dute, gustu eta zaletasunetan oinarrituta.
  • Ostiralak jarduera bereziak sustatzeko erabiliko ditugu; ikasleen arteko elkarrekintza bultzatze aldera.
  • Harremanak sustatzeko unea, gunean bertan, gelakide, mailakide edota maila ezberdinen ikasleen artean, gune ezberdinetan ari diren ikasleen artean, baita gizarte eragileekin ere.
  • Lanbide hastapena eta Lanbide heziketako ikasleen parte hartzea emango den heinean hauen ikaskuntza prozesua aberasteko eta hezkuntza komunitatea sendotzeko aukerak sortuko dira.
  • Gustuko jarduerak sortzen diren heinean, jarraikortasuna izateko aukera bermatu beharko genuke MUGIren baitan, baita ikasketa zerbitzuko ekimenei ere.

 

Momentu honetan berrikuntzatik zein akonpainamendu eta formazio eskaintzen zaie profesionalei?

Maila bakoitzeko profesionalei dagokien bizi asteko akonpainamendua egingo zaie, hauen ezaugarriak azalduta eta bakoitzaren egin beharrak zehaztuz egun bakoitzean.

Lanbide hastapena eta Lanbide heziketako profesionalei ere, ikasleen parte hartze aktiboa ematen den unetik beraien ekarpenak eskatzeaz gain, akonpainamendua izango dute BIZI asteen garapenean eta bakoitzaren eginkizunetara begira.