BERRIAK

“Benito lagunen arrastoan” estreinaldia

Argiak, kamera… eta akzioa! Ostegunean, alfonbra gorria jarri zuten Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Gonbidatutako izarrak Basabeazpiko 5 urteko gelakoak, irakasleak, familiak eta nola ez, Benito Otsoa eta bere lagun Azeria izan ziren. “Benito lagunen arrastoan” film laburraren estreinaldi ikusgarria ikusi ahal izan zuten Arkupeko zinema aretoan. Estreinaldia 17: 15ean hasi eta lau saio ezberdinetan burutu zen. Aurkezpena Eneritz Urrutiak gidatu zuen Arantzazu Lagunilla eta Gorka Etxabe Arteman komunikazio taldeko kideen laguntzarekin.

Emozioz beteriko proiektua izan da eta hiru helburu izan ditu:

  • Haurren bizipenak eta emozioak aktibatzea. Esperientzia berrien bidez, egoera desberdinak deskubritu eta urte askoan gordeko dituzten oroitzapenak sortu: proiektuaren prestaketa, entseguak, grabazio-egunak, urduritasuna aurkezpen egunaren aurretik…
  • Gure ondarea berreskuratzea: aldaketa handiko garai hauetan gure bailarako ondarea mantentzea: esamoldeak, abestiak, herriko hainbat txokotako izenak… Horretarako, Miren Arenazaren laguntza paregabea izan dute.
  • Tokiko eragileekin lankidetzan aritzea: “Benitoren lagunen arrastoan” komunitatetik eta komunitatearentzat sortutako proiektua da. Kasu honetan, Arteman komunikazio taldearekin elkarlanean atera dute aurrera proiektua. Eunate Martinez, Artemaneko kidea, arduratu da grabazioak egiteaz eta bideoaren edizioaz. Eunateren hitzetan “Emozioz beteriko proiektua izan da, eta esperientzia ahaztezina bizi ahal izan dut. Proiektuak aurrera egin ahala, gehiago gozatzen nuen eta edizioaren unea zirraragarria izan da benetan “.

Konfinamenduan garatu den proiektua izan da. Garai hartan, larunbatetan, gonbidatu bereziak sartzen ziren Aretxabaletako gure etxeetan, eta une latz horiek poztu egiten gintuzten. Horregatik, Ikastolak keinu bat egin nahi izan diete proiektu honetan. Eskerrik asko Mikel Alberdi eta Ibai Zangitu! Handiak zarete!

Familiek eta haurrek asko gozatu zuten emanaldian eta photocallean argazkiak atera ahal izan zituzten irteeran, izar handiek bezala. Izan ere, beraiek dira benetako izarrak!

“Benito lagunen arrastoan” duela lau urte estreinatu zen “Benitoren arrastoan” proiektuaren bigarren zatia da. “Benito otsoa” sagaren hasiera izango al da?

Argazkiak.