
Aurreko larunbatean, apirilaren 23an, Gaztelupeko Kultura Zientifikoko ikasleek Elhuyarrek antolatzen duen Bilboko Zientzia Azokan parte hartu zuten azken hilabeteotan zientziarekin lotuta garatu duten proiektuaren aurkezpena eginez. Euskal Herriko eta Galiziako hainbat talderekin batera izan ziren Bilboko Plaza Berrian egun osoz.
Batxilergoko lehenengo mailako sei ikasleak Miren Artesano irakaslearekin batera Gominola osasuntsuak proiektua burutu dute ikasgaian. Euren helburua izan da frogatzea posible dela gominola osasuntsuak egitea. Horretarako hainbat fase jarraitu dituzte: lehenengoan, gaia aukeratu zuten; bigarrenean, informazioa bildu eta hipotesia formulatu eta azkenik, esperimentazio fasean, azken formula proposatu zuten.
Larunbatean, ikasleek 11:30erako standa prest zuten, eta gerturatzen ziren ikusleei proiektuan egin zutena azaltzea izan zen euren egiteko nagusia, ateratako ondorioak ere aipatuz. Eguerdian Bilboko hiria ezagutzeko parada izan zuten eta arratsaldean diplomen banaketa ostean, azalpenekin jarraitu zuten.
Ikasleen esanetan “eguna bera oso esperientzia aberasgarria izan zen nahiz eta nekagarria ere izan eta prozesuari dagokionez, lan asko egin behar izan genuen, baina merezi izan du”. Gainera, frogatuta geratu da posible dela gominola osasuntsuak prestatzea. Ikasleak honako hauek dira: Lierni Axpe, Leire Caceres, Ekine Apellanez, Irati Axpe, Markel Mendez eta Aitor Mujika.