BERRIAK

Batxilergoko ikasleak, proiektu bidez
Holandako eskolak

Uztailaren erdi inguruan Arizmendi Ikastolako zortzi lagun (irakasle eta zuzendariak) Holandara joan ziren lau egunez, bertan ikasleek proiektu bidez nola lan egiten duten ikustera. Hiru eskola bisitatu zituzten, eta argazkietan ikus daitekeenez, oso espazio zabalak dituzte eskolek eta oso bestelakoak dira eskola tradizionalekin alderatuz. Irakasle taldeak antolaketaren berri ere izan zuen. Izan ere, ikasturte honetan batxilergoko lehenengo mailan, bigarren lauhilekoan, proiektu bidez arituko dira lanean ikastolako ikasleak. Holandako eskolez gain, aurreko ikasturtean beste hainbat bisitatu zituzten, hala nola Madrileko Padre Piquer eta Bartzelonako Montserrat. Uztailean prestaketa lanetan murgilduta ibili dira irakasleak, eta ondorengo hilabeteetan ere horrela jarraituko dute. Arizmendi Ikastola batxilergoan eraikitzen ari den egitasmo eraldatzaileari erantzutera dator proiektu bidezko irakaskuntza, eta Konfiantzaren Pedagogiaren markoari  erabat lotuta dago.