BERRIAK

Batxi 1ekoak disziplinarteko PROIetan

Batxi 1en zenbait momentutan ohiko klaseen martxa eten eta modalitate bakoitzari lotutako disziplinarteko proiektuak egiteari ekiten diogu. Aurten ere hala izan da, martxoaren 16tik 31ra bitartean Gaztelupe eta Almeneko ikasleak PROIetan arituko baitira:  giza ibilbidekoak XNO,  zientifikoak PERTSONAL TRAINER eta ibilbide teknologikoek  ERAIKUNTZA proiektuak egingo dituzte. Kanpora egindako zein kanpotik etorritakoen bisitak, debateak, esperimentuak, 3D inpresoretako diseinuak, publikoan egindako aurkezpenak, simposioak… denetarik izaten ari gara.

XNO proiektuan arlo ezberdinetatik, eduki anitzak landuz, ikasleak analitikoak eta kritikoak izan daitezen tresnak eskaintzen dizkiegu besteak beste, gai izan daitezen jasotzen duten informazio ugarian, zer den egia eta zer ez den antzemateko. Landutako eta aztertutakoarekin, albistegi bat sortu beharko dute denen artean azken produktu bezala.

ERAIKUNTZA proiektuan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek erabiliko duten espazioaren diseinua egingo dute, energetikoki efizientea eta iraunkorra izan behar dena eta konfiantzaren pedagogiari era egokian erantzuteko balioko diguna. Beharrezkoak diren kalkuluak eta jarduerak eginez, aurrez aipatutako helburuak betetzen dituen azken produktua diseinatu beharko dute, eta horretarako HUHEZIra hurbildu dira, eraikuntza bertatik bertara ezagutzeko.

PERTSONAL TRAINER proiektuan, ikasleek enpresa propioa sortzen dute, eurengana hurbiltzen den bezeroari entrenamendu plan pertsonal bat egitea helburua izanik, pertsona horrek dituen ezaugarriak kontuan hartuta. 12 egunetan, arlo ezberdineko edukiak ezagutu eta ikertzen dituzte eta beharrezko diren konpetentziez jabetzen dira bezeroari eskaini behar dioten arreta egokia izan dadin.

Jarraian Gaztelupe eta Almeneko irudiak.

Testua: Almen eta Gaztelupeko taldeak.