
Hasierako formazio eta kokapen fasearen ondoren, BATU proiektuaren LHko 6. mailarako eta DBHko 2. mailarako ikasmaterial ekoizten ari den lantaldeak beste urrats bat eman du; sorkuntza-fasea.
Fase honetan, aurreko ikasturteko Lehen Hezkuntzako 5. mailako eta DBHko 1. mailako PROIak ezagutzea izan zen lehenengo urratsa. Aztertu ez ziren edo gainetik landu ziren alderdiak eta ezaugarriak identifikatu zituzten, sakontze-lan bat egiteko oraingo honetan.
Hurrengo pausoa ideia zaparrada edo brainstorming bat egitea izan zen. Ideia asko atera ziren, eta, lehenik, taldekatu egin zituzten, euren artean zituzten loturak identifikatzeko eta ideia hauetatik sor zitezkeen PROIak irudikatzeko. Gaiaren arabera, adituekin harremanetan jarri ziren proiektu bakoitzari buruzko ekarpenak jasotzeko: teknologikoa, linguistikoa, artistikoa…
Behin ideiak antolatuta eta jasotako input berriekin, mapa-kontzeptuala osatu zuten; gida-galdera, PROI bakoitzaren tarteko eta amaierako produktu posibleak eta helburuak eta arrakasta-irizpideak.
Horrelako prozesuetan, garrantzitsua da kontraste-lana egitea. Horretarako, Tabakalera-Medialaberekin lankidetzan oinarritutako bitartekaritza-lana egin dute. Joan den ostiralean bertan izan ziren Otaloran egindako PROIen berri emateko, Tabakalerakoen esperientzia aprobetxatzeko eta landutako proiektuak elikatzeko. Oso bisita aberasgarria izan zen, eta etorkizunean elkarlanean jarraitzeko ate bat irekita aurkitu dute.