BERRIAK

Baltistan Fundazioarekin elkarlanean

Gaztelupeko Aintzane Gardoki irakaslea bere familiarekin Pakistango iparraldean kokatuta dagoen Matxulu herrian izan da ia hilabete eta erdiz bertako biztanleekin hainbat proiektu garatzen. Felix Iñurrategi mendizale atxabaltarraren omenez sortu zen orain 20 urte Baltistan Fundazioa Hushe bailaran bertako garapen sozial ekonomikoa bultzatzeko asmoz.  

Fundazioak, beste hainbat proiekturen artean, batez ere, neskatilen eskolaratzea eta bailarako emakumeak ahalduntzen dihardu egun. Azken horretan aritu da Aintzane, hots, bailarako lau herritan, 50 emakumerekin xaboigintza eta Ternuaren laguntzaz, aurrerago salduko diren negurako gorroak nola egin erakusten; bi semeak, berriz, eskoletan teknologia berrietan hango irakasleak trebatzen eta  senarra, bailaran bertan lan egiten duten fundazioko arduradunekin hainbat proiektu ezagutu eta dituzten beharrak aztertzen. 

Elkarlanerako ez ezik, inguru eder hura ezagutzeko parada ere izan zuten, eta jakina mendi gailur batzuetara igo ziren eta Hunza bailara ere bertatik bertara ezagutu zuten. Aukera ederra oporrak beste era batera pasatzeko. Horra hor bailarako edozein familiarentzat plan paregabea datorren oporraldietara begira! Hemen Goienak argitaratutako berria. Argazkiak.