
Bailarako ikastoletako 256 gazte, Euskal Giroan Jolasean
Txantxiku, Aranzadi eta Arizmendi Ikastoletako 256 haur izan ziren asteazkenean Arrasateko kaleetan zehar Euskal Giroan Jolasean ekimenean parte hartzen. 40 taldetan banatuta, lau txokotan txandatuz –Sebero Altuben (euskal joko-jolas tradizionalak), Biteri plazan (herri kirolak), herriko plazan (jolas kulturalak) eta Uarkapen (esku pilota eta pala)– ibili ziren ikasleak jolasean goiz osoan zehar. Jarduerari hasiera emateko Arizmendi Ikastolako BHko zuzendari Elena Errastik ongietorri egin zien. Ondoren, bertsoak kantatu eta dantza bat egin zuten denok batera, eta gero jolasera abiatu ziren lau guneetara. Amaieran, eguna jai giroan bukatzeko, guztiok plazan elkartu eta dantza egin zuten.
Euskal giroa sustatzeaz gain, ikastolen arteko harremana bultzatu nahi izan dute hiru ikastolek ekintza honen bidez. Gainera, gelan landutakoa euren ingurunean praktikan jartzea ere badu helburutzat ekimenak. Alde horretatik, ikaslearen ingurune soziokulturaletik abiatuz, bizi duen ingurune hori modu aberatsean ulertu, interpretatu eta integratzeko saiakera ere bada. Hori guztia aurrera eramateko, Heziketa Fisikoko irakasleak ez ezik, Arizmendi Ikastolako monitore eskolako monitoreak ere jardun ziren laguntzen. Argazkiak. GOIENAn erreportajea