BERRIAK

Aurten urrezko garaikurra lortzeko zorian DBHko taldea
Errenteriako gabon kanten txapelketa

Urteroko Gabonetako hitzordua izan zuen Arizmendi Ikastolako abesbatzak abenduaren 26an Errenterian. Bertan, Errenteriako Gabon kanten txapelketan, Gipuzkoako zenbait abesbatza elkartu ohi dira, tartean ikastolakoa, kantuz lehiatzera eta elkarrekin zaletasun horretaz gozatzera. Aurten bi talde eraman ditu Rakel Murgiondo zuzendariak: A taldea, LMHko 25 kantarirekin eta B taldea DBHko 51 kiderekin.

Talde bakoitzak bi kantu abestu behar izaten ditu euskaraz. Lehen Hezkuntzako taldekoek “Ai hau gabaren zoragarria” eta “Erregeak” abestiak kantatu zituzten, azken hau pianoz lagunduta. Lehen urtea da txikiek bakarrik abesten dutela bi ahotsetan, eta R. Murgiondoren esanetan “txalotzekoa izan zen egin zuten ahalegina, ez baita erraza adin horrekin bi ahotsetan abestea”. DBHkoek abestu ez ezik, koreografia ere egin zuten, dantza saltsero bat tarteko. “Gabonak berotan” izeneko gabon kanta moldatu zuten “Villancico tropical” gaztelerako bertsioa erabiliz. Zuzendariaren hitzetan: “Karibeko erritmo biziz, pianoz lagunduta eta hitzak euskaratuta, oso polita geratu zitzaigun. Elene Maidaganek eta Nerea Parrak solo txiki bat ere bazuten”. Bigarren kanta Xabier Sarasola Beasaindarren “Gau ilunak ez badu” izan zen, Nerea Parrak biolinaz lagunduta.

Talde bakoitzak zilarrezko garaikur bana ekarri zuen, baina txapelketaren arduradunek aipatu zutenez, puntu gutxigatik ez zioten urrea eman DBHko taldekoari. Bigarren geratu ziren, nahiz eta sei taldeetatik bost zilar eta urre bakarra banatu.
Iazko urtea hain ondo bukatuta, indar handiz arituko dira aurtengoan ere. Aurreikusita dituzten hitzorduak honakoak: otsailaren 27an Debagoieneko Topaketak, Arrasaten; maiatzaren 13an, kontzertua, Tolosan Laskorain Ikastolako abesbatzarekin eta ekaina aldean, Alemanian, iaz etorri zen aleman koroaren bisita itzultzera. Osatuta agenda eta lana, gura adina.

Argazkiak