BERRIAK

Atzo, giza katea eta gaur, Korrika Txikia
Giza katea Almenen Korrikaren alde

Aste osoan zehar ibili dira Arizmendi Ikastolako haur eta gazteak, Korrikaren 20. edizioaren bueltan, ekintzatan murgilduta. Atzokoan, Almeneko ikasle eta irakasle guztiek giza katea osatu zuten guneko kanpoko aldean. Bukaeran adierazpenak egin zituzten mailaz maila, txikienetatik nagusienetara, eta Haizea Aranak bertso bat kantatu zuen ekimenari bukaera emanez.

Bestalde, Arimazubiko ikasleek Euskararen lorea egin dute asteon, lore-hosto bakoitzari euskararekin lotutako hitz bat itsatsiz. Gazteluondon Korrikaren pausuak jarraitu dituzte mapetan  egunero, zuzeneko bideoak ikusiz. Bazarako batzordearen eskutik, berriz, tailerrak antolatu dira hainbat gunetan. Santa Teresan goizetan zein arratsaldetan abestiaz egin dituzte ikastolarako sarrerak, eta gaur Korrika Txikian egingo duten ibilbidea marrazkiz apaindu dute. Azkenik, txikiek lekukoak egin dituzte Argitxoren irudiaz. Horiek guztiak asteon egin diren ekintzetako batzuk baino ez dira.

Gaur, Korrika Txikia egingo da
Korrika Txikia prestatzen aritu dira batxilergoko eta DBHko BAZARA batzordekoak azken aste hauetan, eta gaur Arrasaten DBHkoak ikastolako txikien gidari izango dira ibilbidean zehar, Musakolatik Uribera eta bertatik plazaraino, bertan egingo baita 12:00etan Korrika Txikiaren ekitaldia.

Eskoriatzako txikiek ere BAZARAko batzordekoak izango dituzte lagun, baina kasu honetan batxilergoko batzordekoak izango dira. Korrikan joango dira haurrekin batera bidean plazaraino, han ere plazan egingo baita ekitaldi nagusia.

Aurreko astean ere hainbat ekintza Korrikaren alde
Arimazubiko ikasle txikiek martxoaren 30etik eta gaur arte ibilbidearen jarraipena egiten aritu dira EHko mapan. Gaztelupeko DBHko hirugarren mailakoak, berriz, kantuari lotutako koreografiak egin dituzte HHko ikasleentzat. Basabeazpin, aurreko martitzenean, Aker Baskoniako maskotaren eta Miren Narbaizarena (“Korrika 20, Zirkorrika” kantuaren abeslaria) bisita izan zuten, eta bideo bat grabatu zuten. Umezaintzakoek ere Korrikaren alde eginda, aurtengo Udaberriko Jaiaren gaia horixe bera izan zuten, eta gurasoentzat Korrikari buruzko dantzak egin zituzten.