
Larunbata egun berezia izan zen Aretxabaletan. Egun polita ikastolarentzat eta Almen eta Basabeazpiko atxabaltarrentzat. Goizeko lehen orduan ikastolako kamiseta jantzi eta jaia prestatzeko unea iritsi zen: karpak apaintzen joan, txingarrak, Basabeazpiko kanpoaldea… Itxaflero jaurtiketak festaren hasiera iragarri zuen. Bizi dugun egoeragatik, segurtasun protokoloak bete behar izan ziren, baina ez zen eragozpen izan egun eder batez gozatzeko.
Ezin bestela izan, paella ez zen falta izan. Han izan ziren Joselu, Sardá, Iñaki eta Andoni. Ikatza ere usaindu zitekeen, sahieskiak prestatzeko txingarren txinpartekin batera. Dena bere puntua hartzen zuen bitartean, trikitixaren soinuak Aretxabaletako kale eta bazterrak alaitu zituen. Dibertitzeko, gozatzeko gogoa zegoen…
14: 00ak aldera bazkaltzeko ordua iritsi zen. Guztira 120 errazio baino gehiago prestatu ziren. Jasotako eskaeren arabera prestatu ziren poltsak, eta familiak janaria jasotzera pasatu ziren. Enkarguak banatu ondoren, goiz osoan zehar lanean aritu ziren kideek ere gozamenerako tartea izan zuten, soberan geratu zen paella eta sahiezkiaz gozatzen. Merezitako momentua!
Arratsaldeko 4etan, Basabeazpiko Youtube kanalean, jaiaren amaieraz gozatu zuten ikuskizun eder batekin.
Eskerrik asko zuen laguntza eta parte hartzeagatik! Egun ederra izan zen.