BERRIAK

Arizmendi Ikastolako ikasleak Europear Youth Parliament-era
EYP-ko saio baten iazko talde bat

EYPko lehenengo saioak egingo dira asteburu honetan eta hurrengoan, eta gure ikasleak bertan izango dira.

Aurtengo European Youth Parliament (EYP) martxan dago dagoeneko. Lehenengo saioak, Euskal Herri mailakoak, hain zuzen ere, asteburu honetan eta hurrengoan egingo dira Bilbon eta Aretxabaletan hurrenez hurren. Bederatzi talde direnez, ohi baino kopuru handiagoa, bi asteburutan egingo dira eta leku desberdinetan. Bihar eta etzi Bilbon izango dira dira, bost talderekin eta datorren larunbatean, hilak 31, Aretxabaletan.

Asteburu honetan Arizmendi Ikastolako Almeneko taldea aurkeztuko da (Jon Egidazu, Lorea Armendariz, Ainhoa Sanchez, Ainara Merino, Naiara Carmona eta Ariane Agilera). Datorren astekoak, berriz, Aretxabaletako MUko Huheziko fakultatean izango dira, eta bertan Gaztelupeko taldea arituko da (Laura Balanzategi, Jone Heriz, Kepa Urzelai, Jon Lizarraga, Ainhoa Murillo eta Maider Azkarate).

Ikasleek, saio horietan, planteatu zaizkien gaiak aurkeztu behar dituzte eta euren iritzia defendatu, parlamentuan egongo balira bezala. Aurten jorratu beharko dituzten gaiak honako hauek dira: Zer egin beharko luke EUk lurralde batzuen sezesio prozesuaren edo gogoaren aurrean? Zer egin dezake EUk zientzietako ikasketei buruz dagoen interesa handitzeko? Zein neurri hartu dezake EUk hiritarren pribatutasuna errespetatzeko sare sozialetan, eta aldi berean segurtasuna arriskuan ez jartzeko? Zer egin dezake EUk segurtasun eta defentsa mailan, lurralde ezberdinetako kooperazioa bultzatzeko, bakoitzaren burujabetasuna kaltetu gabe?

Bestalde, edizio honetan lehenengoz jardungo dira antolatze-lanetan Arizmendi Ikastolako ikasleak. Orain bi urte eta iaz Europarako sailkatu zirenek egingo dute lan hori datorren asteko jardunaldian. Iker Bengoetxea eta Irati Lopez antolatzaile gisa jardungo dira eta laguntzaile Ainhoa Gonzalez, Alaitz Gabilondo eta Mirian Goitia. Azken hiru horiek dira, hain zuzen ere, iaz sailkatu zirenak eta martxoaren hasieran Bruselara joango direnak, Europa mailako txapelketan parte hartzera.