BERRIAK

Apaltasun kooperatiboa pandemian

2020-2021 ikasturte martxan dugu. Bai iraileko lehen egunetan, baita segidako aste eta hilabeteetan zehar ezer argi izan badugu, pandemiak gizakion izaera ahula erraz agerian uzten duela da. Beldurra eragiten digu, errudun bila hasten gara, herioan jartzen gaitu. 

Itxuraz datu gehiago dituzten agintariek (orokorrak, osasun arlokoak eta hezkuntzakoak) nahikoa lan dute erabakietan asmatzen, herritarrok eta ikastetxeetan ari garenoi gertatzen zaigun bezala. Beraz, umil izaten eta jokatzen saiatu behar dugu. Ezjakinak garela onartzetik abiatu behar da.

Agintariek herritarroi gure erabakiak autogestionatzen lagundu behar diguten bezala, herritarrok agintariei erabakiak kudeatzen erraztu behar diegu. Lankide izan behar dugu, kooperatu behar dugu irtenbidean, soluzioan. Konponbidea kolektiboa da, edo ez da konponbiderik izango.

Arizmendi Ikastolak elkarlanerako norabide horretan Konfiantzaren Pedagogia baliatzen du. Alegia, nork bere buruan, besteengan eta ingurunean konfiantza lantzea eta konfiantzaz jardutea. Ikastolan landutakoaren inpaktua etxean eta gizartean bilatzea. Osasun fisikoa eta mentala zaindu behar dira, biak. Ezin da bat bestearen menpekoa izan.

Agintari eta herritarron artekoa bezala, ikastolaren barruan guraso eta profesionalen artekoa lotzen dihardugu, ezinbestez. Kontratu soziala egin behar dugu. Kontziliazioa bermatzeko eta pertsona-garapena lantzeko. Adostasun kooperatiboan oinarrituta, gurasoek eta profesionalek etenik gabe adostu behar dituzte aldian aldiko jarraibideak, Arizmendiren kolektibo osoak bere buruaren jabe izaten jarraitu dezan.

Ondoko hauek izan dira une honetan aktibatu diren jarraibide komunak:

  • Ikaskuntzaren alde presentziala lehenestea eta on-line moduarekin konbinatzea, adinen eta beharrizanen arabera.
  • Iraileko egunak eta asteak osasun neurriak sistematizatzeko erabiltzea, denon jokabidean eragiteko, ulertuz argudiatzeko eta marko mentalera ekartzeko.
  • Sukarra eta balizko sintomak etxetik irten aurretik kontrolatzearekin batera, musukoa janztea, ikastolara sartzean eskuak garbitzea eta erabilitako espazio itxiak bi ordutik behin aireztatzea.
  • Ikastolan bertan ikasle taldeak eratzeko irizpide pedagogikoak (talde handia, zeregin pertsonalak, talde kooperatiboak …) erabiltzea.
  • Kutsatze kasuetan etxekoekin, osasun agintariekin eta ikastolako guneekin erlazio zuzenak eta bizkorrak segurtatzea, datuen trataera diskretua bermatuz.
  • Gurasoen eta profesionalen arteko harremanen bidez akordioak sendotzea eta neurri berriak adostea.
  • Gune bakoitzak jarraibideok autogestionatzea, bere baldintza eta zirkunstantziak kontuan izanez.   

Ez dago besterik, apaltasun, kooperazio eta adore herritarrak baino.

J.Iñaki Etxezarreta. Zuzendari Nagusia.
TU Lankide 2020ko urria.