
Aste honetan izan dugu Andoni Mujika Ulaziaren heriotzaren berri. Komunikabide eta sareetan izan duen oihartzunak erakusten du arrasto handia utzi duen pertsona izan dela. Gure ikastolan, gaur egun, guraso genuen Andoni. Urteetan atzera joanda, 2005ean Arizmendin ospatu zen Plazara! Kilometroen festan ere bera izan genuen proiektu osoa gidatu zuen ekipoko kide. Eta orain 14 bat urte atzera eginez gero, Ikastolako Errektore Kontseiluko Lehendakaria izan zela azpimarratu dezakegu. Honek guztiak erakusten du, Andoni gure ikastolarentzako pertsona oso esanguratsua zela.
Hala jasotzen dute ikastolan beregandik gertu izandako kideen testigantza hauek ere:
“Ederra izan da zu bidelagun, lagun izatea, Andoni. Euskalgintzak elkartu gintuen lehenik. Geroztik, herrigintzaren beste eremu batzuetan jardun dugu elkarrekin; hain gure sentitzen dugun ikastolan, bereziki.
Eta bidean ikasi dugu pertsonarik gabe komunitaterik ez dagoen moduan, ez dagoela pertsonarik komunitaterik gabe. Komunitatea zaintzea, pertsonari garatzeko behar duen hori ematetik datorrela, hain zuzen ere. Eta nekez egin dezakegula lan herri libre baten alde geure barruko mamuen eta loturen esklabu garen artean. Abertzaletasunak, euskarak, ikastolak, kooperatibagintzak, beste herri batzuekiko interkooperazioak eta baserri munduak mugitu zaituzte, Andoni. Eta horren guztiaren oinarrian pertsona oso eta sendoak garatzen laguntzeak. Ze ederra izan den zu testuinguru horietan guztietan jarduten ikustea… Gure agropunk abertzale maitagarria…”
Amaia Antero
“Agur Andoni eta eskerrik asko!
Kilometroetako antolakuntzan ezagutu zintudan. Zein momentu politak bizi izan genituen… Barre, barre eta barre; horrela gogoratzen dut urte hori. Zoriontsu!
Kurtzebarri mendia baina bihotz handiagoarekin, lagunen lagun, sortzaile, Athletic-zale, eta herritar nekaezin. Horrela gogoratuko zaitut beti. Ikastolari, euskarari eta herrigintzari egindako ekarpenagatik, ESKERRIK ASKO!
Momentu haietako barrea malko bilakatu da joan zarenetik. Gugan zaude. Gora zu, ANDONI!”
Agurtzane Elkoro
“Kilometroen jaiaren aurreko urteak ikaragarrizko intentsitatea izan zuen gurean. Bilera asko egiten genituen; proposamen txiki, ertain eta haundi asko antolatu eta aurrera eraman genituen urte hartan: desfileak, kantuaren grabaketa, arropa salmenta, antzerki eta musika kontzertuak, kirol topaketak… Gauza asko izaten ziren lotzeko, erabakitzeko, ekarri edo eramateko: bor-bor bizi izan ginen 2004-2005 ikasturtean.
Proiektu erraldoi hura gidatzen zutenen taldean zegoen Andoni. Bizia zen bere lanean; eraikitzailea, bileretan; erradikala ere bai, hala behar zenean; eta umoretsua, ikaragarri umoretsua. Zenbat lan eta zenbat barre egin genituen urte hartan!
Iparra eta norabidea oso argi izaten zituen; izan ere, Kilometroen proiektua egun bakarreko festa izatetik urrun ikusten zuen; ikastolaren izaera plazaratzeko modua zela ulertzen zuen. Hala adierazten zuen maiz berbakeran bizkaierak ematen zion ikutu goxoarekin. Gure Andoni herri eraikuntza baitzen; euskaraz, elkarlanean eta elkartasunean; eta, beti ere, umorez.”
Leire Arana
“Andoniren ekintzak gizartea egiten lagundu du; bere ekintza, izan ere, ekoizpena izan da, ugalketa eta komunikazioa; bere ekintzak boterea eman du eta botereari kontrajarri zaio; ezbairik gabe, Andoniren ekintza izan da gizakiaren izaera sozialaren funtsezko adierazpena.”
J. Iñaki Etxezarreta
“KMK´2005 plazan elkartu gintuen Andonik. Ameslaria, ideia “zoroak” aurrera eramateko lagun ideala, edozeini lekua egiten dakiten horietakoa. Bizitza modu bizi eta eskuzabalean bizitzen jakin duen abertzale maitagarria. Agur eta ohore, Andoni!”
Miren Erdozia
“Gogoan dut nire lehenengo Kontseilu errektore saioan, Andoni ezagutu gabe, lehendakari orde izateko proposatu ninduen eguna. Ekintzailea, abertzalea, autoeraketa kooperatiboan aditua eta aritua izan dela esango dute askok, eta horrela da. Baina niretzat, horretaz guztiaz gain, pertsona zoragarri eta batez ere ausarta izan da. Gure ikastola kooperatiboa definitzen eta eraldaketaren bidean hasteko pizgarri garrantzitsuenetako bat. Urte haietan eta gerora ere, herrigintza eta gure mugimendua osotasunean ulertzeko eta berritzeko izan dudan maisu haundi bat.”
Iñaki Gonzalez
“Ikastolaren inguruan buruan geneukan utopian bat gentozen, Andoni, eta horrek bide bat elkarrekin egitera eraman gintuen.
Utopia ikutuezina izaten bada ere, Arizmendi, gure ikastola kooperatiba, berarengandik ahalik eta gertuago egotea zen gure ametsa. Kooperatibaren oinarri nagusiak – erantzunkizuna, autoeraketa, erabaki hartzea- nola gauzatu era partehartzaile batean irudikatzea eta Arizmendin bizirik ikustea nahi genuen. Erakunde koherentea eraiki zintzotasunetik gure ikasleei euskal hezkuntza kooperatiboaren aukera eskaini ahal izateko. Behar genuen lehendakaria izaten jakin zenuen. Zenbat ordu elkarrekin, zenbat ahalegin eta eztabaida, zenbat argi eta ilun… Barre egiten bata besteari bukatzen genuen batzuetan zer nolako goi mailako erronka jarrita genion gure buruari elkarri aitortuz.
Barreak eta ahaztu ezinezko uneak baita ere zure ardurapean Arizmendi “Plazaratzeko” Kilometroak 2005 antolatzen aritutakoek izan zenituztenak urte luze hartan. Umore eta giro ona sortzen zenekien. Hortan ere maixu zinen.
Ibilbide oparoa, Andoni, zurekin batera Arizmendi ikastolaren bihotzean eta zurekin lan egin genuenen bihotzetan betirako gelditu dena.”
Txaro Iraeta
“Zuretzat hitz batzuk idazteko proposamena jaso dudanean, eskerrona da ateratzen zaidan lehenengo berba. Eskerrona, gure ikastolak bizi izan zuen egoera gogorrenetariko batean, tinko eutsi zeniolako gure-zure proiektuaren lemari. Eskerrona, bitartean, bertan geunden pertsonak maitasun eta gozotasun haundiz zaindu gintuzulako. Zuk eman zenigun babesa eta indarra. Eskerrik asko, Andoni, aitortzeko moduko lehendakaria!”
Elena Errasti
“Umearen begiratu garbia da Andonirengandik geratzen zaidan oroimena. Ibilbideak eman zizkion kolpeak, arriskatu ere egiten zen jasotzera, baina ez zuen galdu begiratu garbia. Begi horiekin amestu zuen herri hobe bat. Errealitate berriak sortzen izan zen hargin, peoi, laguntzaile, enkargatu eta ingeniari. Herrigile. Zentzuekin solasean, ekintzekin jolasean, umorearen gosean, ipar berrien haizean. Egile, ametsa lausotu barik. Gizon, umea galdu barik.”
Jon Sarasua
Agur eta ohore, Andoni! Doluminak eta besarkadarik handiena, familiari.