BERRIAK

Ametsak diseinatzen

Jaione Uriartek eta Unai Legardak Ametsak betetzeko daudelako! liburuan jasotzen den prototipoa diseinatzearen ardura dute.

Jaione azken urteotan Gaztelupen aritu da DBHko lehenengo zikloan. Lehenengo pausoak zientzietako irakasle moduan eta azken bi urteotan Berrikuntzaren Zuzendaritza Pedagogikoaren taldean.

Unai, aldiz, Arimazubin Lehen Hezkuntzako etapan ibili da irakasle eta guneko arduradun pedagogiko moduan. Eraldaketa prozesu honetan LH5-6 eta DBH1-2eko etapak batu egingo direla kontuan hartuta, aurreko ikasturtean sartu zen Unai abentura honetan.

“Erantzukizun handia dugula sentitzen dugu. Hezurdura guzti honek egunerokotasunean ekarriko dituen aldaketek zirrara sortzen du Arizmendiko profesionalen artean. Guzti honen gainetik lankideen babesa sentitzen dugu”

Goian Jaione Uriarte eta Unai Legarda. Besteak, Prototiporako Kontraste taldearekin lanean.

Ardura hau euren bizkarrean hartzearen arrazoiez galdetzerakoan “Batetik, duela 10 urte hasitako eraldaketak Haur Hezkuntza osoa, Lehen Hezkuntzaren hasierako mailak eta Batxilergoa hartuak dituenez, horren jarraipena egin beharra dago Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; eta bestetik, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza lotzen dituen ziklo horietan frustazio puntu bat genuen ikasleekin lan egiterakoan. Galtzerdiari buelta emateko garaia iritsi zela ikusi genuen” erantzun digute.

Ez da lan makala. Egun eta momentuen arabera “Bertigo pixka bat ematen digu baina guztion artean hezkuntzan, eta baita gizartean ere, benetako eraldaketa eragingo dugun ilusioak aurrera begiratzen laguntzen digu”.

Eraldaketa prozesuek, oro har, urduritasuna ekartzen dute. Ikastolan ere “Erantzukizun handia dugula sentitzen dugu. Hezurdura guzti honek egunerokotasunean ekarriko dituen aldaketek zirrara sortzen du Arizmendiko profesionalen artean. Baina guzti honen gainetik lankideen babesa sentitzen dugu. Guztiok gara kontziente hezkuntzak, gizarte eraldaketan eragile izateko, benetako iraultza behar duela, eta Arizmendi ikastola agente aktiboa izan behar da”.

Baina zer da prototipoa? Zertan ari dira Jaione eta Unai? “Ikastola osorako baliagarria izango den eredua lantzen ari gara. Ametsak betetzeko daudelako proiektuaren eskeletoa: ikasleek ze sentituko duten, lantaldeen funtzioak, ordutegiak…”. Guzti honek “Ohiko eskemak apurtuko ditu, gela bat ikasle bat adibidez, eta irakaskidetza bultzatuko du besteak beste”.

Diseinu hau “Urriaren amaierarako egongo da amaituta. Hortik aurrera kontraste lanak egingo ditugu, bai ikastolan eta baita ikastolatik kanpo. Hurrengo astean Bartzelonara joango gara dinamika hau martxan duten Jesuiten zentro batera. Kontrasteak egin ostean diseinua amaitutzat emango dugu”.

Jaionek eta Unaik diseinuaren ardura izan arren, ikastolako lan talde desberdinekin ari dira lanean: Prototiporako Talde Hedatua (PTH), Zerbitzu Pedagogikorako Taldea (ZPT), Prototiporako Kontraste Taldea (PKT) eta hauetatik kanpo hainbat profesionalen kolaborazioa ere, badute.