BERRIAK

Ametsak betetzeko daudelako!

Astelehenean eman zioten Arizmendiko profesionalek hasiera 2019-20 ikasturteari.  Eguzkitakoak, txankletak edo mendiko botak alde batera utzi eta Almen gunean elkartu ziren 2019-20 ikasturteko erronka berriak lantzeko. Ohikoa da Arizmendin ikasturtea denok elkarrekin hastea. Aurtengoan aldiz, berezia izan da. Erronkez gain ametsak ere partekatu dituzte. 

Oporraldian gogor aritu da ikastolako lantalde bat amets hauei forma emateko eta bi produktu ekoiztu dituzte: ametsak irudikatzeko bideoa eta amets hauek nondik datozen eta betetzeko emango diren pausoak adierazten duen liburuxka “Ametsak betetzeko daudelako!”.

J.Iñaki Etxezarreta Zuzendari Orokorra, Amaia Antero Berrikuntza Pedagogiaren Zuzendaria eta Unai Legarda eta Jaione Uriarte Prototipoaren Garapenerako arduradunak, Arizmendiko Berrikuntza Pedagogia taldeak babestuta, izan ziren liburuaren edukia azaletik azaldu zutenak. Orain 2019-20 ikasturtean liburuxkaren edukia landu eta guztion artean amets hauek errealitate bihurtzeko zutabe sendoak jartzea da helburua. 

Liburuxkaren kontrazalean jasotako hitzak argi adierazten dute ikasturte honetako iparra:

Liburuki honetan Arizmendi Ikastolak bere ibilbidea kontatzen du, egina duena eta egin nahi duena. Leintz bailarako hezkuntza-kooperatiba euskalduna etorkizunean da. Munduak bizi duen aldaketa etengabean. Bera osatzen duten pertsonak, haur, nerabe, gazte edota helduak, ezin dira mundua den bezala ezagutzera mugatu. Litekeen mundua sortuko duten pertsonen hezkuntza behar da eta horretan eragin nahi du. Horregatik, ezin du itxoin harik eta mundua aldatuko den arte. Ezta bera aldatuko duten sasoi berrien zain egon ere. Etorkizunean gaurtik dihardu. Eraldaketan eragile aktiboa. 

Ametsak betetzeko daudelako! Bete ditzagun elkarrekin!! Argazkiak.